Asteartean hasiko da ekintzaz betetako Gazte Astea

Maialen Etxaniz 2023ko api. 30a, 09:30

Gazteen bizi ereduaz eta buruko osasunaz nahiz musikaz eta politikaz hausnartzeko hitzaldiak antolatu dituzte Azpeitiko Gaztetxeko kideek aurtengorako. Horiez gain, dardo txapelketa, pizza poteoa, parrillada eta parodia antolatu dituzte. Larunbatean koktelak egiteko tailerra eta kontzertuak izango dira Gaztetxean. Besteak beste, Odei Barroso rap abeslaria igoko da oholtzara.

Azpeitiko Gaztetxeko kideek Gazte Astea antolatu dute beste urte batez. Aurtengoa ohikoa baino laburragoa izango den arren, askotariko ekintzak prestatu dituzte asteartetik zapatura bitarterako. Astelehena Maiatzen 1a denez, asteartean ekingo diote egitarauari. 

Asteartean, 17:30ean botako dute txupinazoa, eta ondoren, 18:00etan, Gazteon bizi eredua eta gaixotasun mentalak hitzaldia izango da. Asteazkenean, 18:00etan hasita, Musika eta politika solasaldia eskainiko dute Ekidako zenbait kidek, eta amaitzean luntxa izango da. Ostegunerako dardo txapelketa antolatu dute. 18:30ean hasiko da, eta ez da aurrez izena eman beharrik izango. Txapelketak irauten duen bitartean pizza poteoa egingo dute.

Astebururako ere hainbat ekintza prestatu dute. Ostiralean, maiatzak 5, parrillada eta parodia izango dira plazan. Azken urtean parodiarik egin ez zuten arren, aurtengoan ohitura berreskuratzea erabaki dute Gaztetxeko kideek, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Parrillada 20.30etik aurrera egingo dute Sanagustinpean, eta parrillada bukatu ostean hasiko dira parodiarekin. Larunbatean borobilduko dute egitaraua. Aurten ez dute bazkaririk egingo, baina bai koktel tailerra eta txapelketa. Hain zuzen, 17:00etan elkartuko dira Gaztetxean askotariko koktelak nola egin ikasteko. Ondoren, txapelketa egingo dute. Kontzertuekin emango diote amaiera aurtengo Gazte Asteari. Hain zuzen, 20:30ean hasita, Odei Barroso, DoceC, Zarata Selektion eta Sutan Klan taldeak igoko dira oholtzara. Sarrera bost euro ordaindu beharko da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide