Txupinazoarekin eta hitzaldi batekin eman diote hasiera Gazte Asteari

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 3a, 11:03

Gaur, asteazkena, 18:00etan hasita, Musika eta politika solasaldia eskainiko dute Ekidako zenbait kidek, eta amaitzean luntxa izango da. Biharko, berriz, dardo txapelketa antolatu dute. 18:30ean hasiko da, eta txapelketak irauten duen bitartean pizza poteoa egingo dute.

Azpeitiko Gaztetxeko kideek atzo arratsaldean eman zioten hasiera aurtengo Gazte Asteari, txupinazoa botata. Horren ostean, gazteen bizi ereduaz eta gaixotasun mentalez hizketan aritu ziren Gaztetxera bertaratu ziren dozenaka lagunak. 

Aurtengoa ohikoa baino Gazte Aste laburragoa izango den arren, askotariko ekintzak prestatu dituzte zapatura bitarterako. Gaur, asteazkena, 18:00etan hasita, Musika eta politika solasaldia eskainiko dute Ekidako zenbait kidek, eta amaitzean luntxa izango da. Biharko, berriz, dardo txapelketa antolatu dute. 18:30ean hasiko da, eta ez da aurrez izena eman beharrik izango. Txapelketak irauten duen bitartean pizza poteoa egingo dute.

Astebururako ere hainbat ekintza prestatu dute. Ostiralean, parrillada eta parodia izango dira plazan. Iaz parodiarik egin ez zuten arren, aurtengoan ohitura berreskuratzea erabaki dute Gaztetxeko kideek, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Parrillada 20:30etik aurrera egingo dute Sanagustinpean, eta parrillada bukatu ostean hasiko dira parodiarekin.

Larunbatean borobilduko dute egitaraua. Aurten ez dute bazkaririk egingo, baina bai koktel tailerra eta txapelketa. Hain zuzen, 17:00etan elkartuko dira Gaztetxean askotariko koktelak nola egin ikasteko. Ondoren, txapelketa egingo dute. Kontzertuekin emango diote amaiera aurtengo Gazte Asteari. Hain zuzen, 20:30ean hasita, Odei Barroso, DoceC, Zarata Selektion eta Sutan Klan taldeak igoko dira oholtzara. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.

(Argazkiak: Azpeitiko Gaztetxea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide