Gipuzkoako II. Erroten Egunaren bueltan, hainbat jarduera antolatu dituzte Azpeitian

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 6a, 09:05

Igarako errota. (Maialen Etxaniz)

Datorren astelehenean herriko erroten inguruko hitzaldia emango du Joxin Azkue Gabilondo historialari eta ikerlari azpeitiarrak, eta hilaren 14an Igarako errotara bisita antolatu du Ekoetxeak.

Hilaren 14an Gipuzkoako II. Erroten Eguna ospatuko da, eta horren bueltan, Azpeitian ere izango dira jarduerak. Urola Bizirik natur taldeak antolatuta, astelehenean, hilak 8, Joxin Azkue Gabilondo historialari eta ikerlari azpeitiarrak herriko erroten inguruko hitzaldia emango du Sanagustin kulturgunean. 19:00etan hasiko da saioa, eta interesa duten guztientzat irekia izango da.

Hilaren 14an, berriz, igandez, Igarako errotara bisita gidatua antolatu du Ekoetxeak. XVIII. mendeko ur errotaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Hain zuzen, errekako uraren indarra baliatuz arto irina nola ehotzen den ikasiko dute. Ekintza horretan parte hartu nahi dutenek, honako lotura honetan eman beharko dute izena maiatzaren 12a baino lehen. Hiru bisita egingo dituzte; 10:00etatik 10:45era lehena; 11:00etatik 11:45era bigarrena; eta 12:00etatik 12:45era hirugarrena.

Azpeitian ez ezik, Azkoitian ere beste bi ekintza antolatu ditu Urola Bizirikek. Asteazkenean, Yurrita Errota Sustatzeko Elkarteko kide Alex Rotetak hitzaldia emango du 19:00etan, Elkargunean. Rotetak Azkoitiko errotei buruz hitz egingo du. Maiatzaren 14an, berriz, Aingeru Guardan dagoen Egurbide errota bisitatzeko aukera izango da. Bisita doan egin ahal izango da 10:00etan, 11:00etan edota 12:00etan. Dena den, bisita egin nahi duten herritarrek izena eman beharko hilaren 12a baino lehen. Horretarako, 943-85 71 70 telefonora deitu beharko dute edo bestela kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide