Kursaalen Eliseo Zelaietako Orkestra ikusteko autobusa, doan

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 6a, 09:00

Eliseo Zelaietako Orkestra.

Kontzertua ekainaren 1ean izango da, 19:30ean hasita, eta doako autobus zerbitzua erabili nahi dutenek maiatzaren 26a baino lehen eman beharko dute izena 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita. Autobusean lekua erreserbatzeko, ordea, beharrezkoa izango da kontzerturako sarrera erosita izatea Kursaal.eus webgunean.

Ekainaren 1ean Eliseo Zelaietako Orkestrak kontzertua emango du Donostiako Kursaalen, eta Kursaal Eskura egitasmoa tarteko, hara joan nahi duten azpeitiarrek doako autobus zerbitzua izango dute. Zerbitzu hori baliatu nahi duten herritarrek maiatzaren 26a baino lehen eman beharko dute izena 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita. Autobusean lekua erreserbatu ahal izateko, baina, beharrezkoa izango da aurrez kontzerturako sarrera erosita izatea Kursaal.eus webgunean.

Kontzertua 19:30ean hasiko da eta autobusak 18:45ean anbulatorio aurrean egingo du azpeitiarrak jasotzeko geldialdia. Hamabost laguneko talderik osatuko ez balitz, bertan behera geldituko litzateke autobus zerbitzua, eta kasu horretan, sarrerengatik ordaindutako dirua itzuli egingo lukete.

Kontzerturako sarrerek 55, 44, 35, 28 edo 11 euro balioko dute, lekuaren arabera. Langabeek eta 30 urtetik beherakoek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute. Azken horiek sarrera erreserbatu egin beharko dute 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta, eta gero, kontzertuaren egunean bertan, Kursaaleko leihatilara joan beharko dute adina edo lan egoera egiaztatzera. Behin hori eginda, han bertan ordaindu beharko dute sarrera.

Philippe Herreweghe zuzendari belgikarrak gidatzen du Eliseo Zelaietako Orkestra duela hiru hamarkadatatik, eta elkarrekin egin duten ibilbidea arrakastaz eta nazioarteko sariz josita dago. Errepertorio klasikoko bi obra goren aurkeztuko dituzte Kursaaleko kontzertuan: Mozarten azken sinfonia eta Beethovenen hirugarren sinfonia apurtzailea, erromantizismo musikalaren hasieratzat jotzen dena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide