Dena prest Domusa Teknik 40MLK mendi lasterketari ekiteko

Nerea Uranga 2023ko mai. 5a, 15:00

Pol Makuri hitzaldia ematen, gaur goizean, Soreasu antzokian. (Nerea Uranga)

Bihar goizeko 08:00etan izango da probaren irteera, Azpeitiko plazan. "Proba soil bat" baino gehiago dela nabarmendu eta egitarau potoloa prestatu dute antolatzaileek. Pol Makuriren hitzaldiak izan dira gaur, eta dortsalak banatzen hasiko dira arratsaldean.

Bihar jokatuko da Domusa Teknik 40MLK lasterketaren bigarren edizioa, Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknikek antolatuta, eta berrikuntzekin dator egitasmoa. Iaz bezala, probaren eguna "festa handi bat" izatea nahi dute, eta ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute lasterketaren bueltan.

Lagun Onak mendi bazkunako Iker Ezamak nabarmendu du Domusa Teknik 40 MLK ez dela "lasterketa soila". Hain zuzen, balio zehatzak eta mendizaletasuna sustatzeko proba dela azaldu du. "Mendizaletasuna, bertako ondarearen aberastasuna eta ingurumenaren babesa dira kirol probaren bidez sustatu nahi ditugun balioak. Jendea idea horiekin identifikatzea eta lotzea nahi dugu, eta horrela ari gara zabaltzen egitasmoa Euskal Herrian zein Espainian, eta, etorkizunean, zergatik ez, mundu mailan". 

Bihar 08:00etan hasiko da kirol proba. Guztira, 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela izango ditu Euskal Herriko Ultra Kopako lasterketak, eta Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean jokatuko da. Arroita edo Arauntza (612m), Sañoa (616m), Gazume (1.002m), Hernio (1078m), Murumendi (868m), Izaspi (973m), Hiruarrieta edo Samiño (933m) eta Xoxote (912m) gainak igaroko dituzte partaideek. Aurten ibilbidearen zati batzuk moldatu dituzte: "Trintxeratik Murumendira artean asfalto gaineko hiru kilometroko zatia kendu dugu".

Proban 550 lagunek parte hartuko dute, eta antolaketan 400 boluntariok. Xoxoten Taupada Urdina Gunea egongo da, eta Ikasberriko aparkalekuan Anoa Gune Urdina egokituko dute.

Dagoeneko hasi dituzte lasterketaren bueltan antolatu duten egitarauaren barruko ekintzak. 10:30ean, Pol Makuriren hitzaldia izan da, Soreasu antzokian, eta pertsona berak beste solasaldi bat eman du arratsaldean, 15:30ean hasita, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 17:30etik aurrera, dortsalak banatzen hasiko dira Azoka Plazan, eta korrikalarien azoka ere izango da, Matxinada plazan.

Egitaraua

Gaur, ostirala 

  • 17:30-19:30. Dortsal banaketa, Azpeitiko Azoka Plazan.
  • 17:30-20:00. Korrikalarien azoka, Matxinada plazan.

Bihar, larunbata

  • 06:00-07:00. Dortsal banaketa, Azpeitiko Azoka Plazan.
  • 08:00. 40MLK lasterketaren irteera izango da Azpeitiko plazatik.
  • 09:30. Trail Martxa Urdinaren hasiera, plazatik. Pol Makurik irekiko du.
  • 10:00-20:00. Korrikalarien azoka, Matxinada kaleko plazan.
  • 10:30-13:30. Santa Ageda gainean, Beizaman, Beizamako txakolina eta pintxoak.
  • 11:00. Trail Martxa Urdinaren iritsiera Ikasberriko Anoa Gune Urdinera.
  • 11:00-18:00. Atracciones Sanzen puzgarriak, Anoa Gune Urdinean.
  • 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak, Anoa Gune Urdinean.
  • 12:00-16:00. Eusko Labelen eskutik, pintxoak eta edariak, Anoa Gune Urdinean.
  • 12:30. Lehen korrikalariari ongietorria, Anoa Gune Urdinean.
  • 13:00. Paella jana, 3 euroan, Xoxoteko Taupada Urdina gunean; Taupada Urdina kamiseta opari.
  • 14:00. Lehen korrikalariaren iritsiera, plazan.
  • 16:30. #40MLKx2 erronkaren sari banaketa, Anoa Gune Urdinean.
  • 17:45. Azken korrikalariaren ongietorria, Anoa Gune Urdinean.
  • 13:00-20:30. DJa, plazan. 20:30. Lasterketaren itxiera, plazan.
  • 20:45. Sari banaketa, plazan.
  • 21:00. Hamarru elektrotxaranga, Etxe Zuri aurretik hasita.
  • 22:30. Gatiburen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. *Anoa Gune Urdina Ikasberriko aparkalekuan egongo da.

Herriko ikastetxeetako ikasleak, Pol Makuriren hitzaldia entzuten. (Nerea Uranga)

Erlazionatuak

Mendi lasterketan irteteko bultzada

Nerea Uranga 2023 mai 05 Azpeitia   Errezil

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide