Inklusioa aldarrikatuz, lehen Martxa Urdina Trail egin dute ehunka gaztetxok

Nerea Uranga 2023ko mai. 6a, 14:55

Pol Makurik irteera emanda, Ikaskiroleko ehunka gaztetxo atera dira gaur goizean inklusioaren alde Marea Urdinarekin batera Domusa Teknik 40MLK lasterketak antolatutako trailean. Helmuga Anoa Gune Urdinean izan dute.

Inklusioa ere bada Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren baloreetako bat, eta probaren lehen edizioan bezala, aurten ere horri heldu diote mendi lasterketaren antolatzaileek Marea Urdinakoekin batera. Hala, lehen Martxa Trail Urdina egin dute Ikaskiroleko ehunka gaztetxok goiz partean.

09:30 pasatxoan hasi dute Martxa Trail Urdina Azpeitiko plazatik. Pol Makuri kirolari kataluniarrak euskaraz irakurri du adierazpena. Bizitzak erabat desberdinak dituen bideekin osatuta dagoela esan du Makurik, eta denentzako bi bide berdin ez daudela adierazi du, baina denek zein bide egin erabakitzeko aukera izateko eskubidearen alde egin du: "Ez daude bi bide berdin, eta batera egin ezean, ez daude guztiontzako eginiko bideak. Bideek gutako bakoitzarentzat aukera berak eskaintzen dizkigun aukera zoragarriei irekita beharko lukete eta guztiok izan beharko genuke zein aukeratu nahi dugun erabakitzeko eskubidea". Era berean, bizitzaren bidea elkarrekin egitea baino ezer hoberik ez dela aldarrikatu du.

Aldarrikapena irakurri ostean, Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek ohorezko dortsala jarri diote Makuriri, eta honek bigarren aldarrikapenaren mezua zeraman lekukoa eman dio Marea Urdinako Aiur Arzallusi. Era horretan, plazan elkartutako haur, gazte eta helduek Martxa Trail Urdinaren ibilbidea hasi dute.

Xaguxatar ibilbidea jarraituz, Anoa Gune Urdinera joan dira Martxa Trail Urdinekoak, eta hara iritsitakoan Nora Aranbarri Marea Urdineko kideak lekukoaren barruko testua irakurri du. Plazatik Anoa Gune Urdinerako ibilbidea batera egin duten bezala, "bide bera partekatuz", aurrerako bidea ere elkarrekin bat eginik egitea aldarrikatu du: "Ez dadila hemen amaitu, jarrai dezala amaitezin, guztion amets zoragarri iraunkorrenak egi bihur daitezkeen bidea sortuz, guztion eskubideak errespetatuz".

Martxa Trail Urdinaren mezua entzun ondoren, ibilaldian parte hartu dutenek hamaiketakoa egiteko aukera izan dute. Horrez gainera, Marea Urdinakoek antolatutako sentsibilizazio jolasetan ibiltzeko eta Atracciones Sanzeko puzgarrietan jolasteko modua eduki dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide