Xapokeitan jolasaren finala grabatuko da bihar, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Grabazioa 19:00etan hasiko da, eta herritarrentzako zabalik izango da kulturgunea. Izan ere, ikusle moduan parte hartu nahi duten eta gerturatzen diren herritarrek finala ikusi ahal izango dute, Sanagustin kulturguneko edukiera bete arte.
Finala jokatuko duten hiru bikoteak honako hauek izango dira; Nekane eta Jexux Azpiazu, Xabier eta Koldo Aldalur, eta Mikel Ruiz de Argandoña eta Ekain Garate. Hainbat proba egin ostean, bikote bat kanporatua izango da, eta beste biek proba gehiago egin beharko dituzte irabazlea zein den erabakitzeko.
Sari potoloak
Finalera iritsi diren bikoteentzat sari potoloak izango dira. Bikote irabazleak Bertan merkatari elkartearen ehun euroko bi bonu eta bertako produktuz osatutako bi otarre jasoko ditu, bikotekide bakoitzak bana. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek, berriz, Bertanen 50 euroko bonuak eta bertako produktuz osatutako otarreak jasoko dituzte; horiek ere bikotekide bakoitzarentzako bana izango dira. Horrez gain, jolasean parte hartu duten herritar guztien artean hamar sari zozkatuko ditu Uztarriak.