Ibai Angulo eta Jexux Zelaia nagusi, juniorren eta beteranoen Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 8a, 11:35

Zelaia, ezkerrean; Angulo, eskuinean. (Argazkia: utzitakoa)

Beteranoen mailako lehena izan zen atzo Zelaia, eta junior mailan aurrena, Angulo. Txindoki gainean amaitu zen proba, eta hara heltzeko 3,6 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten mendi korrikalariek.

Jexux Zelaiak eta Ibai Angulok Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketa irabazi dute. Domusa taldeko Angulok junior mailako txapelketa irabazi zuen, ibilbidea 37 minutu eta 36 segundoan eginda. Aldiz, Zelaiak beteranoen mailako txapelketa irabazi zuen, proba 44 minutuan eta 58 segundoan osatuta.

Atzo, igandea, jokatu zuten txapelketa Abaltzisketako (Gipuzkoa) Larraitz mendian. Txindoki gainean amaitu zen proba, eta hara heltzeko 3,6 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten mendi korrikalariek. Ibilbideak, gainera, 980 metroko desnibel positiboa izan zuen. "Lasterketa motza bezain gogorra" izen zela adierazi dute bi azpeitiarrek.

Erlojuaren aurkako proba izan zen atzokoa. Hain zuzen, Txindokiko Kilometro Bertikaleko bigarren edizioaren barruan jokatu zen Euskal Herriko txapelketa. Guztira, 194 lagunek parte hartu zuten proba. Naiara Irigoienek (00:40:20) irabazi zuen emakumeen mailan, eta Ïu Net Puig junior katalanak (00:34:22) gizonetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide