Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Manex Beristain: "Bizitza honetan merezi du gauzak probatzera ausartzeak, sarritan 'gero' hitza ez baita iristen"

Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 10:50

Hezkuntzako lana alde batera utzi, eta barreterapia, psikomotrizitate, dolu eta heriotza zein ipuin kontaketa saioak eskaintzen hasi da Manex Beristain. Erabakia hartu osteko prozesuan "beldurrak eta zailtasunak" izan dituela onartu arren, pausoa ematera animatu ditu enpresa ideia duten herritar guztiak.

Nolakoa izan da barreterapia, psikomotrizitate, dolu eta heriotza zein ipuin kontaketa saioak sortzeko prozesua, hau da, ideiatik negozioa sortu artekoa?

Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan, prozesu bat izan da. Hezkuntzan urte asko neramatzan lanean, eta aurretik aisialdian, monitore lanetan aritu nintzen. Formatzen joan naizen ereduetan eta gauza berrietan esperimentatu heinean, hezkuntzaren maila altuenera iritsita nengoela sumatzen nuen, ezin nuela gehiago egin; hegalak ezin nituela gehiago zabaldu sentitu nuen. Gainera, hezkuntza oso momentu kritikoan dago une honetan; lege aldaketak, digitalizazioa, curriculuma... Ordezkoa izanda, aukera nuen lanerako plazarik ez hartzeko eta saiakera egiteko. Gainera, hezkuntzara itzultzeko aukera hor izanik, errazagoa da saltoa egitea.

Zergatik erabaki zenuen saio horiek eskaintzea?

Gorputz Hezkuntzako irakasle izanik, ariketa ugari egin izan ditut ikasleekin. Behin, baina, barreterapia liburu bat ikuskatzen hasi nintzen eta han agertzen ziren ariketa ugari erabiltzen nituela ohartu nintzen. Gainera, Lehen Hezkuntzako gatazkak hitzez lantzen genituen, eta haurrek gertatutakoa ulertu arren, barruko korapiloarekin gelditzen zirela ikusi nuen. Aldiz, espazio irekietan gorputz dinamika desberdinak egitean (amorrua ateratzean edota enpatia sentitzean), klik bat egiten zuten haur horiek. Gakoa gorputza dela ohartu nintzen. Eta horrela, Bartzelonara joan nintzen barreterapia formakuntza saio trinko batera, eta horren ondoren erabaki nuen aldaketa egitea. Barreterapia saioez gain, lehendik egiten nituen psikomotrizitate eta ipuin kontaketa saioak. Horiez gain, bizitzan gertatu zaizkidanak oinarri hartuta, doluaren eta heriotzaren inguruko liburu bat argitaratuko dut urrian.

Negozio bat sortzerakoan, ez da ohikoena lau arlo horiek jorratzea. Erraza egin al zaizu prozesua?

Ez. Estruktura bat sortzen lagundu dit Iraurgi Berritzenek. Ni neu izaeraz oso inpultsiboa eta kaotikoa naiz, eta egutegi bat egiten, jo nahi nituen ateen zerrenda zehazten nahiz alderdi ekonomikoari lotutako aurreikuspenak egiten lagundu zidaten. Plangintza osoa egiten, nolabait esateko. Horrez gain, lehen pausoa irudi bat egitea izan zen, lau arlo horiek uztartuko zituena. Arteterapiako lagun Irantzuk egin dit irudi hori; irudi orokor bat da, eta arlo bakoitza kolore batekoa da, jendeak diziplina bakoitza kolore banarekin lotu dezan. Sare sozialak erabiltzen ere hasi naiz, ezagutarazteko eta jendearengana iristeko. Identitate propio bat sortzea da asmoa, azken finean; garapen pertsonala azken urteetan modan jarri den gai berria da, eta horrek alde onak eta txarrak ditu. Informazio asko dago, baina ezezaguna ere bada. Nik nire bidea egin nahi dut zentzu horretan.

"Ekintzaile izatearen onura nabarmenena da zuk zeuk erabakitzen duzula noiz lan egin; zure bidea hautatzen duzu. Egutegia ere zure beharren eta nahien arabera antola dezakezu, eta egunerokoa, denbora librea eta lana orekatzen asmatuz gero, izugarria da"

Irailean eman zenuen saltoa, eta beraz, denbora gutxi daramazu egiteko berrian. Positiboa al da orain arteko bideaz egiten duzun balorazioa?

Ez da bide erraza, bakarrik egin behar baldin baduzu behintzat. Aukera asko dituzu aurrean, eta horrek bertigoa eragiten du. Beldur asko aktibatu zaizkit niri. Aurrez aipatu dudan bezala, ekonomia da beldurretako bat, taldeak osatuko diren edo ez beste bat... Eta beldur horiei eusteak higadura sortzen du. Orain konturatu naiz eskoletan lan egiten dugunok zer zorte dugun, hurrengo egunean klasera zenbat haur azalduko zaizkigun pentsatu beharrik ez baitugu izaten, bai baitakigu etorriko direla. Horregatik, tailerrak eta saioak jendez betetzen direnean egundoko sentsazioa izaten dut, nahi dutelako etortzen baitira.

Beraz, izan dituzu beldurrak prozesuan zehar.

Bai, beldurrak eta zailtasunak izan dira prozesuan. Lau arloak batzea edo uztartzea izan da, agian, zailena. Barreterapiarekin hasi nintzen batik bat, indarrez eta motibazioarekin. Bide bat egiten hasi nintzen, eta bide berak agertu dit zeintzuk ziren hurrengo pausoak. Psikomotrizitatea eta ipuin kontaketak lehendik ere egiten nituen, eta beraz, finkatuago nengoen arlo horietan. Orain beste alderdiak gehiago jorratu nahi ditut; doluarena eta heriotzarena eta ipuin kontaketarena. Herri batzuetan hasi naiz dagoeneko doluari buruzko tailerrak ematen, eta ipuin kontaketekin laster hasiko naiz. Pixkana eta behartu gabe, baina aurrera doa prozesua.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Onura nabarmenena da zuk zeuk erabakitzen duzula noiz lan egin, zure bidea hautatzen duzula. Egutegia ere zure beharren eta nahien arabera antola dezakezu, eta egunerokoa, denbora librea eta lana orekatzen asmatuz gero, izugarria da. Ekintzaile gisa, bertigoa ematen du, lana egin edo ez egin, kuota batzuk ordaindu behar izateak. Dena den, talde finko batzuk baditut, psikomotrizitatekoa adibidez, eta horrek segurtasuna eskaintzen dit. Datorren beste dena, oparia da. Baina horretarako fidatu egin behar duzu, eta lasai egon. Desabantailak bezala, ziurgabetasuna eta beldurrak aipatuko nituzke. Ondo egingo al duzun, gustukoa izango al den... galdera asko sortzen zaizkizu.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Gustukoa badu, eta gogo hori barruan leku asko hartzen ari bazaio, aurrera egiteko esango nioke. Barruko hori atera beharra dago. Enpresa estrukturan aukera ikusiz gero, probatu egin behar da, bestela "hura egin izan banu..." sentsazioa geldituko zaio. Esperientzia irabaziko du, eta galdu, berriz, materiala. Irabazteko duena garrantzitsuagoa da, beraz. Bizitza honetan merezi du gauzak probatzera ausartzeak, gehienetan "gero" hitza ez baita iristen.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Sorpresa handia izan da niretzat hirugarren adina. Asko motibatzen nauen zerbait da, eta une honetan, hortik jo nahi dut. Familiekin ere gustura egiten dut lan, baina zailagoa da, gaur egun denborarik ez baitago gauzak ondo lantzeko. Hala ere, oso kontziente naiz haziak landatzen eta ereiten ari naizela, gero emaitzak eman ditzan.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide