Eduki babestua

Bonu kopurua bikoiztuta iritsiko da astelehenean Azpeitia Zaindu kanpaina

Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 17:01

Udalak eta Bertanek astelehenean ekingo diote bonuen salmentari, Azoka Plazan aurrez aurre, eta Internetez azpeitiazaindu.eus webgunean. 50 euroko balioa izango dute bonuek, eta herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango dira irailaren 14a arte.

Azpeitia Zaindu kanpaina berrikuntzekin iritsiko da astelehenean. Erosketa bonuak saltzen hasiko dira udala eta Bertan merkatari elkartea, eta bonu kopurua bikoiztuko dutela aurreratu dute. "Ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dugu. Aurreko edizioetan pertsona asko bonu gabe gelditu izan direla jakinda, oraingoan bonu kopurua bikoiztea erabaki dugu. Hala, herritar gehiagok eskuratu eta erabili ahal izango dituzte", adierazi du Adi Optikako Jone Fernandezek.

50 euroko balioa izango duten 4.000 bonu aterako dituzte aldi honetan udalak eta Bertanek, kanpainarekin bat egiten duten herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabiltzeko. 35 eurotan salduko dituzte bonuak, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu –norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez– eta 2023ko irailaren 14a arte erabili ahal izango dira bonuak.

Bonu erdiak azpeitiazaindu.eus webgunean jarriko dira salgai astelehenean, 09:30etik aurrera. Beste erdiak Azoka Plazan erosi ahal izango dira aurrez aurre; erdi horien %70 goizez jarriko dituzte salgai, 09:30etik 13:30era, eta gainerako %30 arratsaldean, 15:30etik 17:30era.

Gainera, eta azken kanpainetan egin bezala, aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrek 15 euroko bonua jasoko dute etxean. "Ekimen honen bidez, gazteak herriko merkataritzara hurbildu nahi dira, hemengo produktuen eta saltokien alde egin dezaten, eta, horrela, merkataritzaren eta herritarren arteko loturak indartu ditzaten. 149 herritar dira aurten 18 urte beteko dituztenak", esan du Biur dendako Zigor Urrestillak.

"Bonu horiekin herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei bultzada emateko zein herritarrei tokiko saltokien ekonomia sustatzeko pizgarria eskaintzea nahi dugu. Horrelako ekimenek Azpeitia zaintzeko balio dute, eta herritarrak animatu nahi ditugu bonuak erosi eta horiek herriko saltoki txikietan eta ostalaritzan erabiltzera. Bertan erosiz, dirua aurrezteko aukera ona da", gaineratu du Fernandezek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide