Maiatzaren 14an, igandez, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da bigarren aldiz, eta horren harira, ondare-elementu horien inguruko jarduera programa mamitsua prestatu dute Gipuzkoako hainbat herritan. Azkoitian eta Azpeitian, esaterako, hainbat hitzaldi eta jarduera antolatu ditu Urola Bizirik natur taldeak. Egurbidekoa da Azkoitian martxan dagoen errota bakarra, eta hura ezagutzeko, doako bisitak egingo dituzte igandean, hilak 14, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan.
Bisita egunaren atarian, Egurbidera hurbildu gara, hango errotaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. Gaur egun, Jon Orbegozo azkoitiarra aritzen da Egurbideko errota zaintzen, eta hark kontatu ditu errotaren xehetasunak. Errota mantentzeak dituen zailtasunak ere izan ditu hizpide. Eskualdean hainbat dira baserrietan dauden errotak, eta altxor horiek zaintzearen garrantzia aldarrikatzeko eta ondareari ikusgarritasuna emateko eguna izango da igandekoa.
Azken egunotan hitzaldiak ere eskaini dituzte bi herrietan. Azpeitikoan Joxin Azkue Gabilondo historialari eta ikerlari azpeitiarrak herriko erroten inguruko hitzaldia eman zuen Sanagustin kulturgunean. Luis Juaristi Urola Bizirik natur taldeko kidea da, eta hark azaldu duenez, errotak ondare garrantzitsuak dira, eta horiei ikusgarritasuna emateko antolatu dituzte ekintzak, "altxor ezezagunak baitira".