Eskuz eta palaz, Gipuzkoako Herriartekoari ekiteko prest da Azpeitia

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 13a, 09:13

Ilunpek esku pilotako aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarako osatu duen taldea. (Ilunpe)

Ilunpeko esku pilotariek Larraulen jokatuko dute gaur arratsaldean final zortzirenetako joanekoa. Palistek, berriz, Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte Debaren kontrako final laurdenetako partidak, 11:00etan hasita.

Azpeitiko pilotariek asteburu honetan jokatuko dituzte 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen neurketak.

Esku pilotako lehian, Larraulen jokatuko du gaur Azpeitiak final zortzirenetako kanporaketaren joanekoa, 18:00etatik aurrera. Hauek dira Ilunpek gaurkorako osatu dituen bikoteak: Iñigo Sarasua eta Jokin Artetxe (kadeteak), Beñat Labaka eta Beñat Ezama (jubenilak), eta Iker Egiguren eta Josu Labaka (seniorrak). Azpeitia egungo txapeldunordea da; Larraulek, berriz, lehen aldiz jokatuko du Herriartekoa, eta txapelketan lehiatuko diren herrien artean txikiena da.

Azpeitiko palistek, berriz, etxean jokatuko dituzte Debaren kontrako final laurdenaren joaneko partidak. Bihar goizean dute hitzordua Izarraitzen, 11:00etan. Larruzko paletan, Eneko Martijak eta Mikel Santxezek osatuko dute bihar Azpeitiko bikotea; pala motzeko partidan, berriz, Asier Egiguren Bikutze eta Urtzi Lopetegi izango dira Azpeitiko ordezkariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide