Orkatz kultur elkarteak 30 urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobil hori ospatzeko ekitaldiz betetako egitaraua osatu dute ekaineko hirugarren astebururako. Datorren hileko 16tik 18ra ospatuko du Orkatzek urteurrena, baina aurrerapen txiki bat izan zuten atzo, egitaraua aurkezteko festarekin.
Azpeitiko kultur elkarteko kideak eta hainbat lagun elkartu ziren arratsean Orkatzen. Erdikaleko tabernaren atarian argazkirako elkartu ziren aurrena, eta mokadu bat egin ondoren, gauean Keia eta Letagin taldeek Orkatzen bertan eman zituzten kontzertuekin gozatzeko aukera izan zuten. 30. urteurrenerako prestatu dituzten kamisetak eta materiala erosteko aukera ere izan zen atzo; Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil liburuko poema batetik hartu du Orkatzek 30. urteurrenerako leloa: Ez atzerantz, beste alderantz. Lelo hori erabili dute, besteak beste, kamiseten diseinuan.
Bertsoak, musika, kirola eta bazkaria
Bertso saioarekin hasi eta Anariren kontzertuarekin bukatuko ditu Orkatzek bere ibilbidearen lehen hiru hamarkadak ospatzeko ekintzak, baina tartean musika gehiago, bazkaria eta pala txapelketaren finalak ere izango dituzte.
Ekainaren 17an, zapatua, egingo duten bazkarirako, eta Anarik ekainaren 18an emango dituen txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Orkatzen bertan, 25 eta 5 euroren truke, hurrenez hurren.
Hau da Orkatzen 30. urteurreneko ospakizunen egitarau osoa:
Ekainaren 16a, ostirala
- 22:00. Bertso saioa. Bertsolariak:
- Maialen Lujanbio
- Oier Etxeberria
- Miren Artetxe
- Andoni Egaña
Ekainaren 17a, zapatua
- 11:00. Pala txapelketaren finalak.
- 14:00. Bazkaria, Berdura Plazan.
- 21:30. Kontzertuak: Nakar eta Mice.
Ekainaren 18a, igandea
- 19:00. Kontzertua: Anari.