Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa hartu du bigarren urtez jarraian Azpeitiak, eta aurten Ibarrara joan da lehen saria. Azkenean hamabost harakinek parte hartu zuten atzo arratsaldean egin zen lehiaketan, eta Ibarrako Tolosa harategiko Juan Martin Tolosaren hanburgesa haragia izan zen Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakelek eta Dendarteanek antolatutako lehiaketaren epaimahaikideen gustukoena.
Bigarren saria Beasaingo Oiarbide harategiko Beñat Goikoetxeak jaso zuen, eta etxean gelditu zen hirugarrena, Elizkaleko Ermela urdaitegiko Roberto Ejearen eskuetan. Aranako Odriozola harategiko Valentin Odriozolak eta Urrestillako Eneritz harategiko Eneritz Etxeberriak ere parte hartu zuten lehiaketan; baita Arrasateko Agirre Etxe iazko irabazleak ere.
Plazan beharrean, Azoka Plazan egin behar izan dute aurtengo lehiaketa, eguraldi euritsua tarteko. Joan den urtean bezala, hanburgesa eta garagardo artisau dastaketarekin borobildu zuten atzo ere jai giroko ekitaldia. Hanburgesa lehiaketara aurkeztutakoen haragia zein Euskal Herriko hainbat garagardogile artisauren edariak dastatzeko aukera izan zuten Azoka Plazara joandakoek.