Etxera Eguneko krosean parte hartzera deitu du hainbat lasterkarik

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 14a, 15:10

Etxera Krosean parte hartzeko deia egiteko elkartutakoak, Loiolan. (Mailo Oiarzabal)

Maiatzaren 20an, 12:00etan hasiko da 5,6 kilometroko lasterketa. Aurrez izena eman daiteke Orkatzen, Berdien eta Nizan, eta egunean bertan plazan ere egongo da horretarako aukera.

Datorren zapatuan, maiatzaren 20an, izango da Etxera Eguna. Euskal presoen eskubideen aldeko egunaren egitaraua kros herrikoiak irekiko du aurten ere, eta lasterketa horretan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak bai antolatzaileek, baita herriko korrikalariek ere. Hain zuzen ere, horietako batzuk Loiolan elkartu ziren joan den ostiral arratsaldean, Etxera Eguneko krosean parte hartzera dei eginez. 12:00etan hasiko da krosa. Plazatik irten, eta plazan izango dute helmuga lasterkariek, 5,6 kilometroko ibilbidearen ostean.

Antolatzaileek ere jarri dute beren alea parte hartzaileak inguratzeko. Izena ematen duten guztiek kamiseta jasoko dute egunean bertan plazan; lasterkarien gauzak gordetzeko toki bat prestatuko dute, eta lasterketaren ondoren dutxatzeko aukera izango dute nahi duten guztiek, Izarraitz pilotalekuan. Era berean, hamaiketakoa eta opariak banatuko dituzte kirolarien artean, eta otarre bat zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean.

Etxera Eguneko krosean aurrez izena emateko aukera irekita dago Orkatzen, Berdien eta Nizan, eta egunean bertan ere, 11:00etatik 11:30era, izena eman ahalko da plazan. Izena aurrez ematen dutenek 10 euro ordaindu behar dute; egunean bertan apuntatzen direnek, berriz, 12 euro.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide