Maiatzaren 6an Zumaiako Hamarrurekin estreinatu ondoren, atzo bete zuen bigarren jardunaldia Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak antolatutako Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketak.
Getariako Elektrotxorongo eta Elektrotxufla, iazko irabazleak, ibili ziren atzo kalez kale beren musika eta ikuskizuna eskaintzen. Lehen jardunaldian talde bakarra lehiatuta, lehiaketak bere ohiko formatua berreskuratu zuen horrela; Elektrotxorongok 19:00etan plazan hasi eta Perez Arregin bukatu zuen ordu eta erdiko saioa; Elektrotxuflak, berriz, alderantzizko bidea osatu zuen, 21:00etan hasita.
Aurreko zapatuko jendetzarik ez zegoen atzo Alde Zaharreko kaleetan, eguraldiak ere ez zuen antzera lagundu eta euriari aurre egin behar izan zioten bi taldeek emanaldien zati batean baino gehiagotan. Hala ere, jai giroa sortu zuten bi elektrotxarangek, eta dantzan jarri zituzten ikus-entzuleak.
Beste bi jardunaldi
Datozen bi larunbatetan, maiatzaren 20an eta 27an, izango dira Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren beste bi jardunaldiak. Hau da bi egun horietarako egitaraua:
Maiatzaren 20a, larunbata, 19:00etan:
- Elektrokela eta Skapaie.
Maiatzaren 27a, larunbata, 19:00etan:
- Distopia eta OstiKda.