Ados Pilotaren Udaberri Torneo berritzaileak Azpeitiko Frontoi Txikian izan du ligaxkako laugarren hitzordua. Txapelketa honetan, hiruna pilotariz osatutako lau talde ari dira lehiatzen, eta Udaberri Torneoa izaki, lore izenak jarri dizkiete taldeei: Mitxoletak, Bitxiloreak, Eguzkiloreak eta Kukuprakak. Azken bi horiek lehiatu dira gaur Azpeitian. Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatzen dituzte, lau eta erdikoa bat eta binakakoa bestea, eta partida bakoitzaren irabazleak puntu bat batzen du.
Gaur,Oihana Orbegozo azpeitiarrak, Naroa Agirrek eta Iera Agirre Iturriagak osatutako Kukuprakak taldearentzat izan dira Frontoi Txikian jokoan zituzten bi puntuak; torneo berrian lehen agerraldia izan du talde horrek Azpeitikoa. Lau eta erdian, Agirre arroarrak aise gainditu du Eguzkiloreak taldeko Irati Zabala (18-4). Binakakoan estuagoa izan da emaitza, baina hor ere Kukuprakentzat izan da garaipena: 22-18 menderatu dituzte Agirre Iturriagak eta Orbegozok Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Olatz Ruiz de Larramendi.
Taldekako lehia izateaz gain, bertso pilota formatuan ari dira jokatzen Udaberri Torneoa. Horrela, gaur Azpeitian Aitor Sarriegi aritu da Kukupraken botilero lanetan, eta Aitor Mendiluze (iragarrita zegoen Anjel Peñagarikanoren ordez) izan da Eguzkiloreen botileroa. Partiden hasieran eta tarte batzuetan bertsotan elkar zirikikatzen eta bakoitza bere pilotariak hauspotzen aritu dira biak, bertsotan.
Jaialdia 18:00etarako zegoen iragarrita, baina zertxo bait berandutu zaie hasiera; ur putzu handi bat zegoen frontisetik gertu, eta hura lehortzen aritu behar izan dira. Eta Ados Pilotaren jaialdi askotan ohikoa izaten denez, pilotari gaztetxoak izan dira arratsaldeko lehen protagonistak: Ilunpeko eta Zestoako Abantzuko bina neskatok jokatu dute atariko partida, eta haientzat izan dira ikusleen lehen txaloak ere.