Txanponaren bi aldeak, Herriarteko Txapelketaren joaneko partidetan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 15a, 11:29

Larraulen jokatutako partida bateko irudia. (Imanol Garcia Landa/Tolosaldeko Ataria)

Eskuzko txapelketan final zortzirenetako kanporaketa ia erabakita utzi dute azpeitiarrek Larraulen. Aldiz, pala txapelketan guztia dute erabakitzeko.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa abian da, eta azpeitiarrek joan den asteburuan jokatu dituzte eskuzko nahiz palako lehen kanporaketaren joaneko partidak. Eskuzkoan, 0 eta 3 irabazi zuten Ilunpe elkarteko pilotariek Larraulen. Palan, berriz, partida bat irabazi eta bestea galdu egin zuten herritarrek

Eskuzkoan, Herriarteko Txapelketan aurrenekoz ari den Larraul izan zuten arerio azpeitiarrek. Jokatutako hiru partidak irabazi zituzten Ilunpeko kideek. Kadete mailan 12 eta 22 irabazi zuten Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek. Gazte mailan, Beñat Labaka eta Beñat Ezama 6 eta 22 nagusitu ziren. Nagusietan, berriz, 20 eta 22 irabazi zuten Iker Egigurenek eta Josu Labakak. Final zortzirenetako kanporaketaren itzulerako partidak ostiralean jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita.

Azpeitiko palistek, berriz, etxean jokatu zituzten atzo Debaren kontrako final laurdenetako joaneko partidak, Izarraitz pilotalekuan. Eneko Martijak eta Mikel Santxezek 35 eta 28 irabazi zituen larruzko paletarekin; pala motzeko partidan, berriz, Asier Egiguren Bikutze eta Urtzi Lopetegi aritu ziren, eta horiek 27 eta 40 galdu zuten. Sei tanto atzetik joango dira herriko palistak Debara. Finalerdietara sailkatzeko bi partidak irabazi edota sei tanto baino gehiago lortu beharko dituzte alde.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide