Gimnastika erritmikoko bi txapelketa izango dira asteburuan Azpeitian

Julene Frantzesena 2023ko mai. 17a, 08:00

Azpeitian jokatutako Gimastika Erritmikoko Euskadiko Txapelketa bateko irudia.

Gipuzkoako Amateur Txapelketa izango da zapatuan kiroldegian, eta igandean, berriz, Banakako Euskadiko Txapelketa. Azpeitiko Loretoki taldeko kiderik ez da ariko lehian. Joan zen asteburuan, kimu mailako Gipuzkoako txapeldun eta azpitxapeldun izan ziren Malen Ezama eta Elene Astiazaran hurrenez hurren; Euskadiko Txapelketarako txartela lortu dute.

Gimnastika erritmikoa ere protagonista izango da asteburuan Azpeitian. Izan ere, zapatuan, Gipuzkoako Amateur Txapelketa izango da kiroldegian, eta igandean, berriz, Banakako Euskadiko Txapelketa. Azpeitiko Loretoki taldeko kiderik ez da ariko lehian, baina hala ere, gimastika ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute horiek.

Larunbatean DBH 3. mailatik aurrerako gimnastak ariko dira lehian, 10:00etatik 14:15era eta 16:30etik 18:30era, kiroldegian. Goizean, kadeteak eta jubenilak ariko dira taldeka eta barkaka, eta arratsaldean senior mailako kirolarien txanda izango da; horiek ere taldean eta bakarka ariko dira. Orotara, 270 bat parte hartzaile izango direla adierazi dute antolatzaileek.

Hurrengo egunean, igandean, kimu, junior, senior eta lehen mailako gimnastek Banakako Euskadiko Txapelketa izango dute kiroldegian. Hamabi-hamabost kirolari ariko dira nor baino nor Espainiako Txapelketarako txartela eskuratzeko lehian. Hain zuzen ere, maila bakoitzeko lau kirolari sailkatuko dira txapelketa horretara. 10:00etatik 12:30era izango da lehia.

Emaitza onak Gipuzkoako Txapelketan

Azpeitiko Loretoki gimnastika erritmikoko kide hainbat Gipuzkoako Txapelketan izan ziren zapatuan, Bergaran. Goizean, infantilen txanda izan zen, eta taldekako lehian aritu ziren Loretokiko bi taldeak zazpigarren eta bederatzigarren postuan sailkatu ziren. Maila horretan bakarka aritu zen Jugatz Aldalur, eta zehazki, sokarekin seigarren postua eta uztaiarekin hamargarren postua lortu zituen. Sailkapen orokorrean ere bederatzigarren izan zen azpeitiarra.

Loretokiko hainbat gimnasta zapatuan Bergaran. (Loretoki)

Gainera, Ane Sorazuk eta Maren Uriak kidekako txandan parte hartu zuten, eta Sorazu hirugarren sailkatu zen sokarekin eta Uria bosgarren uztaiarekin. Biek egindako lanaren batura kontuan hartuta, hirugarren sailkatu ziren sailkapen orokorrean. Infantil mailako kirolariek zapatuko lehiarekin bukatu dute txapelketen denboraldia.

Arratsaldean, berriz, kimuen txanda izan zen. Malen Ezama eta Elene Astiazaran bakarka aritu ziren, eta horiek lehen postu bana eskuratu zuten ariketetan. Ezamak sokarekin lortu zuen garaipena, eta esku hutsik egindako lanean, berriz, bigarren sailkatu zen. Astiazaran, berriz, lehen postuan sailkatu zen esku hutsik eta bigarren sokarekin. Egindako bi lanak kontuan hartuta, kimu mailako Gipuzkoako txapeldun izan zen Ezama, eta azpitxapeldun, berriz, Astiazaran. Alebin mailako kirolari horiek maiatzaren 27an Ordizian (Gipuzkoa) egingo den Euskadiko Txapelketan parte hartuko dute.

Ezama eta Astiazaran zapatuko txapelketan, dominekin. (Loretoki)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide