Bost urte ziren Urola Erdiko Atzegiko familiek topaketarik egiten ez zutela, baina igandekoarekin, berreskuratu egin dute pandemia aurretik bi urtez behinekoa zuten ohitura. Dozenaka lagun azaldu ziren Azpeitiko plazan jarritako hitzordura, eta egun "ederra" pasatu zutela ziurtatu du Irune Boo kideak. "Azkenekoz 2018an elkartu ginen, 2020ko maiatzerako jarria genuen hitzordua bertan behera utzi behar izan baikenuen pandemiagatik. Covid-19aren garaia atzean utzita, ohitura berreskuratzea erabaki dugu aurten, eta duela bost urte baino jende gutxixeago elkartu ginen arren, primerako igandea pasatu genuen".
Eguerdian eman zioten hasiera egitarauari, triki poteoarekin; jarraian, bazkaria egin zuten Sanagustin kulturgunean; eta arratsaldean, dantza saioa egin zuten han bertan. Azpeitiko udal ordezkariek ere parte hartu zuten Atzegiko familien topaketan. Hain zuzen ere, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Leire Goenaga zinegotziak eurekin igaro zuten eguna.