Teniseko eta padeleko udako ikastaroak antolatu ditu Oñatz tenis klubak

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 17a, 10:20

Azpeitiko Udal Kiroldegiko tenis eta padel pistak. (Maialen Etxaniz)

Ekainean hasiko dira ikastaroekin, baina dagoeneko eman daiteke izena. Ohi bezala, mailaren eta adinaren araberako saioak eskainiko dituzte Udal Kiroldegiko pistetan. Lau astez egingo dituzte entrenamenduak, eta izen-ematea asteka egin daiteke. 

Beste urte batez, Oñatz tenis klubak antolatuta eta Kirol Patronatuaren eskaintzaren barruan, tenis eta padel ikastaroak eskainiko dituzte udan. Ekainean hasiko dira saioekin, baina dagoeneko eman daiteke izena. 

Lau astez eskainiko dituzte tenis nahiz padel ikastaroak, astelehenetik ostiralera, Udal Kiroldegiko pistetan. Hain zuzen, ekainaren 26tik 30era, uztailaren 3tik uztailaren 7ra, uztailaren 10etik 14ra eta uztailaren 17tik 21era eskainiko dituzte padel nahiz tenis ikastaroak. Ordubeteko saioak eskainiko dituzte 10:00etatik 13:00etara. Izen-ematea asteka egin daiteke. 

Ikastaroak adin guztietako eta maila guztietako pertsonei zuzenduta daude, eta taldeak mailaren eta adinaren arabera banatuko dituzte. Prezioari dagokionez, Kirol Patronatuko abonatuek asteko 30 euro ordaindu beharko dute, eta abonatu gabekoek, 35 euro. Tenis ikastaroetan izena eman nahi dutenek 606-34 16 08 (Joni) eta 685-76 18 63 (Iñaki) telefono zenbakietara deitu beharko dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide