Hainbat ekintza egin dituzte ikastetxeetan LGTBIQ+ fobiaren aurkako egunean

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 17a, 17:03

Adierazpenak, dantzak, apaingarriak eta bideoak egin dituzte, besteak beste, Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. 

Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzak 17. Hori dela eta, LGTBI+ komunitatearen eskubideen alde eta kolektiboaren aurkako diskriminazioa salatzeko hainbat ekintza egin dituzte Azpeitiko ikastetxeetan.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin DBHko ikasleek aldarrikapen mezua zabaldu dute goizean, eta LHko ikasleek Nire gorputza da abestiarekin bideoklipa grabatu dute eguerdian ikastetxeko atarian. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Lehen Hezkuntzako ikasleek barne lanketa egiteko bideo bat egin dute, eta kolorez apaindu dituzte ikastetxeko hormak eta txokoak. Iraurgi Ikastetxean ere egin dute egunaren inguruko hausnarketa, eta ohiko eskolak hasi aurretik, LGTBI+ kolektiboaren eta sexu askapenaren gaia lantzeko bideoak ikusi dituzte. 

(Argazkiak: Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide