Sañu Bizirik taldeak gonbidatuta, Eva Fjellheim Azpeitian izan zen atzo arratsaldean. Ikertzailea eta ekintzailea da Fjellheim, eta baita Sami Kontseiluko kidea ere. Sami herriak urteak daramatza beraien bizimoduan eragin zuzena izan duten megaproiektu eolikoen aurka borrokan, eta, hain zuzen ere, Statkraft enpresa norvegiarra dago proiektu horietako hainbaten atzean, Sañoan Piaspe proiektua eraikitzeko interesa azaldu duen enpresa bera.
Borroka horren nondik norakoez eta beste hainbat kontutaz jardun zuen atzo Fjellheimek, Sami lurraldeko kolonialismo berdea, energia eolikoa eta justizia klimatikoa izenburupean Azoka Plazako aretoan emandako hitzaldian. Goraino bete zuen aretoa.