Gaur erabakiko dira Herriarteko Txapelketaren lehen kanporaketak

Andoni Elduaien 2023ko mai. 19a, 08:59

Larraulen jokatutako partida bateko irudia. (Imanol Garcia Landa/Tolosaldeko Ataria)

Eskuzko pilotariek eta palistek gaur jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen kanporaketako partidak. Eskuzkoek Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute 22:00etan. Aldiz, palistek Debako (Gipuzkoa) Aldats pilotalekuan jokatuko dute, 20:00etan.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa martxan da, eta herriko ordezkariek gaur, ostirala, jokatuko dituzte txapelketaren lehen kanporaketaren itzulerako partidak. Eskuzko taldeak 22:00etan jokatuko du Larraulen aurka Izarraitz pilotalekuan, eta gomazko taldeak 20:00etan, Debako (Gipuzkoa) Aldats pilotalekuan.

Eskuzkoan, Herriarteko Txapelketan aurrenekoz ari den Larraul izan zuten arerio azpeitiarrek final zortzirenetako joanekoan. Jokatutako hiru partidak irabazi zituzten Ilunpeko kideek. Kadete mailan 12 eta 22 irabazi zuten Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek. Gazte mailan, Beñat Labaka eta Beñat Ezama 6 eta 22 nagusitu ziren. Nagusietan, berriz, 20 eta 22 irabazi zuten Iker Egigurenek eta Josu Labakak. Beraz, joaneko 0 eta 3koarekin, Azpeitiak nahiko bideratuta du hurrengo faserako txartela eskuratzea.

Azpeitiko palistek, berriz, etxean jokatu zituzten Debaren kontrako final laurdenetako joaneko partidak, Izarraitz pilotalekuan. Eneko Martijak eta Mikel Santxezek 35 eta 28 irabazi zituen larruzko paletarekin; pala motzeko partidan, berriz, Asier Egiguren Bikutze eta Urtzi Lopetegi aritu ziren, eta horiek 27 eta 40 galdu zuten. Sei tanto atzetik joango dira herriko palistak gaur Debara. Finalerdietara sailkatzeko bi partidak irabazi edota sei tanto baino gehiagoko aldea lortu beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide