Azpeitiko anbulatorioan langileen heren batek egin du bat Osakidetzan deitutako grebarekin

Nerea Uranga 2023ko mai. 18a, 18:00

Azpeitiko anbulatorioa gaur. (Nerea Uranga)

Azpeitiko anbulatorioko gutxieneko zerbitzuak handiak direla nabarmendu dute osasun etxeko langileek. Biharko ere lanuztea deituta dute Osakidetzan ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek.

Protesta eguna dute gaur Osakidetzako langileek; izan ere, gaurko eta biharko grebara deituta daude 37.000 behargin. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek egin dute lanuzterako deia, eta Uztarriari anbulatorioan jakinarazi diotenaren arabera, Azpeitiko anbulatorioan langileen herenak egin du bat deialdiarekin, baina Azpeitiko osasun etxean "gutxieneko zerbitzuen kopurua handia" dela nabarmendu dute.

Osakidetzaren "desegitea" salatzeko eta langileentzako baldintza "duinak" eskatzeko ari dira egiten protesta. Sindikatuek nabarmendu dute deialdiak "erantzun ona" izan duela, oro har. "Oihartzuna oso handia izan da, batez ere lehen mailako arretan; horrek erakusten du zer-nolako larritasuna daukaten arreta maila horretako langileek", adierazi dute. ELA sindikatuaren arabera, Osakidetzan oro har erantzuna "oso zabala" izan du lanuzteak: "%50era iristen da grebarekin bat egin dezaketen langileen artean". Osakidetzaren arabera, aldiz, langileen %10ek egin dute lanuztea; arratsaldean ehunekoa pixka bat handiagoa izan dela esan dute: %11,5.

Lantaldea "nazkatuta eta nekatuta" dagoela azpimarratu dute sindikatuek. "Ikusten ari dira beren eskubideak urratzen ari direla". Era berean, Osasun Sailak "abusuzko gutxieneko zerbitzuak" ezarri dituela eta, kexu agertu dira sindikatuak. "Osakidetzaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta beste behin ere agerian geratu da Gotzone Sagardui sailburuaren negoziatzeko borondate eza". Gaur bezala, bihar ere greba egitera deituta daude Osakidetzako langileak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide