Ikusmina eta zeresana sortu du gaur eguerdian Azkoitian izandako isurketak; izan ere, Urola ibaia berdez tindatuta agertu da, eta herritarren artean harridura eta kezka piztu du horrek. Eguerdian Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Urola ibaiko kolore berdea Altuna y Uria enpresa CIE Automotive konpainiarentzat exekutatzen ari den entseguetan erabilitako fluoreszeinak eragin du, eta "ez da kaltegarria". Isurketaren ondorioak Azpeitian ere nabaritu dira, berde kolorea hartu baitu ibaiko urak arratsalde partean.
Azkoitiko Udalak ohar bidez azaldu du ibaiaren tindaketak ez duela eraginik ingurumenean: "Enpresak proba batzuk egiteko fluoreszeina sodikoa bota du. Substantziak berde kolorea sortzen du, koloratzailea ez-toxikoa izan arren. Ez du inolako ingurumen-inpakturik. Ihesak detektatzeko eta jariakorren joan-etorriak ikusteko erabiltzen den substantzia da. Kasu honetan, obra barruko euri-uren norabidea ezagutzeko bota dute fluoreszeina".