Bart gauean Erdikaleko 15. zenbakian dagoen eraikinaren teilatupetik hainbat zati erori dira kalera. Uneotan, kalea itxita dago pare horretan, eta udal langileak babes neurriak hartzen ari dira ezer gertatu ez dadin. Nagore Alkorta alkateak Uztarriari adierazi dionez, adituek eraikinaren egoera aztertu dute, eta aparteko arriskurik atzeman ez duten arren, badaezpada ere hainbat neurri hartzea erabaki dute, batez ere gaur iluntzean kalean jende asko ibiltzea espero delako. Horrenbestez, eraikina habetu edo apuntalatu egingo dute batetik, eta kanpoaldetik sarea jarriko diote bestetik. Lanak bukatzen dituztenean, orain itxita dagoen zatia zabaltzea aurreikusten dute.
Inguruko bizilagun batek esan du eraikinak denbora asko daramala egoera txarrean eta ez dela zatiren batzuk kalera erortzen diren lehendabiziko aldia. Udaltzainei ere behin baino gehiagotan jakinarazi diela gaineratu du, baina gaur arte ez diela kasurik egin.