Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finalaren atarian gelditu da Julen Egiguren

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 14:53

Julen Egiguren pilotari azpeitiarra.

Pilotari azpeitiarrak 22 eta 15 galdu zuen atzo, ostirala, Iker Salaberriaren aurka Altsasun (Nafarroa). Berdinduta iritsi zen partida lehiaren erdira, baina handik aurrera goizuetarra gehiago izan zen. Pilotari nafarrak Joanes Bakaikoaren aurka jokatuko du finala datorren larunbatean.

Julen Egiguren pilotari azpeitiarrak ez du lortu Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finalera sailkatzea. Atzo, ostirala, Altsasuko (Nafarroa) Burunda pilotalekuan neurtu zituen azpeitiarrak Iker Salaberria goizuetarraren aurka, eta 22-15 galdu zuen.

Partida gogorra jokatu zuten bi pilotariek. 0-4 eta 1-6 aurreratu zen markagailuan Egiguren, baina erasoan egindako opari batzuk tarteko, Salaberriak markagailua irauli zuen. Gainera, une horretatik aurrera asko gogortu zen partida; izan ere, Egigurenek kantxan aginduz tantoa amaitzea izan zuen helburu, eta Salaberriak, sufrituz, bere aukera baliatzea. 

Goizuetako pilotaria ziur aritu zen partida guztian zehar, eta hori gakoa izan zen finalera sailkatzeko; ondo defendatu zen Salaberriak Egigurenen oladarraldien aurrean, eta kasik ez zuen pilotarik galdu. Kontrara, Egigurenek tanto asko egin arren –11 tanto–, asko galdu zuen –hamahiru pilota–, eta horrek amaieran eragin zuzena izan zuen.

13-13 berdinduta egon ziren markagailuan.Ordea, harrezkero Salaberriak agindu zuen kantxan eta ia-ia zuzenean iritsi zen 22 tanto egitera. Iker Salaberriak eta Joanes Bakaikoak jokatuko dute finala datorren larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide