Txolarteren egoitza berria bisitatu dute taldeko kideek nahiz udal ordezkariek

Julene Frantzesena 2023ko mai. 29a, 09:22

Udaleko ordezkariak eta Txolarteko kideak gune berria bisitatzen. (Azpeitiko Udala)

Garai batean Telefonica kokatuta egon zen eraikina eraberritzeko lanak aurrera doaz. Han kokatuko dira Txolarte aisialdi taldearen eta Euskara Patronatuaren eta Udal Euskaltegiaren egoitzak. 2021eko abenduan hasi zituzten eraikina berritzeko lanak, eta udalak azaldu duenez, "aurreikusitako epean" bukatuko dituzte horiek; hau da, ekainean.

Garai batean Telefonica kokatuta egon zen eraikina eraberritzeko lanak aurrera doaz, eta ondorioz, hasi dira itxura hartzen Txolarte aisialdi taldearen eta Euskara Patronatuaren eta Udal Euskaltegiaren egoitzak. Duela egun batzuk bisitatu zuten eraikina Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak nahiz Txolarteko kideek.

2021eko abenduan hasi zituzten eraikina berritzeko lanak, eta udalak azaldu duenez, "aurreikusitako epean" bukatuko dituzte horiek; hau da, ekainean. Izan ere, lanak hasterako hemezortzi hilabetean amaitzea aurreikusten zuela adierazi zuen erakundeak. Iparragirre eraikuntza enpresa ari da obrak egiten, eta lan horiek 1.315.523 euroko aurrekontua dute.

Udalak azaldu duenez, bi faktorek eragin dute gunea eraberritzea: gaur egun Txolarte eta Euskaltegia kokatuta dauden eraikina pixkanaka husten ari dira, etorkizuneko adinekoen egoitza balioanitza eraikitzeko; gainera, Txolarteren egungo egoitzaren irisgarritasuna eta eraikinaren zahartzea ere aipatu ditu erakundeak.

Perez Arregi plazako 1. zenbakidun eraikinaren beheko solairuan kokatuko da Txolarte taldearen egoitza berria, eta gune horrek 120 metro koadro izango ditu; besteak beste, sukaldea eta jangela zein beste espazio batzuk izango dituzte han. Eremu horretara Perez Arregi plazatik sartu ahal izango dute herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide