Eraso matxistei aurre egiteko kanpaina berezia egingo dute Azpeitiko Udalak, Emakumeen Txokoak eta Emakumeen Mahaiak Sanjuandegiko festetan. Iaz aurreneko aldiz jarri zuten karpa auzo horretako festetan, eta aurten ere jarriko dute, zerbitzua indartuta; izan ere, bi egunetan izango da gunea.
Ostiralean eta zapatuan jarriko dute karpa; ostiralean 20:00etatik gauerdira bitartean, eta zapatuan, 13:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik gauerdira arte. Baigeraren aurreko plazatxoan jarriko dute karpa, eta hainbat aditu izango dira bertan, herritarrek erasoei buruz dituzten kezkak argitzen eta horiei laguntzen zein aholkuak ematen.
Kanpainaren xedea da herritarrek festez "gustura, libre eta seguru" gozatu ahal izatea. Horregatik, festa giroko erasoen inguruko sentsibilizazio lana egingo dute bi egunetan, eta arreta zerbitzua eskainiko dute.
Halaber, erasoen aurrean, arretarako zenbait telefono ere badirela gogorarazi du udalak. Honako hauek dira telefono zenbaki horiek: 943-15 72 92 (Gizarte Zerbitzuak), 092 ed0 943-15 13 13 (Udaltzaingoa), 943-08 37 80 (Ertzaintza), 688 75 10 00 (Emakumeen Txokoa), 943-15 79 28 (Parekidetasun Saila) eta 900-84 01 11 (Satevi).
Honako lotura honetan ikus daitezke indarkeria matxistari aurre egiteko Emakumeen Txokoak ondutako gida.