Nerabezaroan eta gaztaroko lehen aldian kirolak duen garrantzia osasun arloko profesionalek ez dute zalantzan jartzen, kirola modu osasuntsuan egiten bada behintzat.
Buruko osasuna guztion ahotan dabilen honetan, zer esanik ez, kirolak taldean egiteak badu garrantzia. Bertan antsietateak, autoestimuak, harremanak eta taldean aritzeak ardura eskatzen dute, arau eta norbere buruaren zaintza; entrenamendu orduak, partidak...
Emakumeen eta nesken kasuan, adituok badakigu 16 eta 20 urte bitartean gehienek kirola uzten dutela. Kasu askotan, adin horretan gogoa beste arlo batzuetan egoten delako (ikasketak eta abar), baina beste askotan emakumeen kirolari eman zaion garrantzia eskasagatik. Gainera, neskek, mutilekin alderatuz, aukera gutxiago dituzte: entrenamendu ordu gutxiago, entrenatzaile falta, ekipo falta, motibazio falta... Azken finean, hori dena landuko duen begirada baten falta!
Gezurra dirudi garai hauetan lerro hauek idazten egotea, baina urte gutxi dira emakumeen kirola sustatzearen aldeko lanak egiten ari direla.
Gaurkoan, emakumeak, neskak eta futbolaz aritu nahiko nuke. Oraingo lerro hauek eskerrak emateko idazten ditut bihotz-bihotzez. Lagun Onakeko zuzendaritzako kideek emakumezkoen futbolaren alde apustua egitea erabaki zutenetik hona, herriari eta neskei ekarri dizkien onurak eskertzeko hain zuen ere. Txikitatik futbol eskolan daudenak gero eta gehiago dira, neska txikiei futbolarekiko ilusioa piztuz.
Asteburu honetan, nesken ekipo xume bezain indartsu batek finala jokatuko du, 15 eta 19 urte bitarteko nesken taldeak –taldea osatzen lanak ibili zituzten–. Hasierak ez ziren teknikoki oso onak izan, baina entrenatzaileen eta koordinatzaileen lanaren –jokalari bakoitzarenarekin batera– nahiz gogo eta ilusioaren ondorioz, pausoz pauso lantaldea indartzea, osatzea eta jokoa hobetzea lortu dute; hori baino garrantzitsuagoa dena, kirolarekiko harremana sendotzea.
Beraien arteko harreman zoragarriak norbanako bakoitza haztea ekarri du.
Izugarria futbol ekipo honen garapena irailetik hona, eta eskertzekoa da zuei, koordinatzaileei, entrenatzaileei, nesken futbol eskoletako arduradunei eta neskei. Emakumeei begirada jarri eta bat batean magia sortzen baita!!
Zorionak neskak, gure txapeldunak zarete!!!