Azpeitiko pilotariek ondo bideratu dute Herriarteko Txapelketako final laurdenetako kanporaketa

Julene Frantzesena 2023ko mai. 27a, 09:38

Larraulen aurkako kanporaketako partida bateko irudia.

Atzo Amezketan 3 eta 0 nagusituta, hanka eta erdi finalerdietan dute pilotari azpeitiarrek. Dena den, itzulerako partidak jokatu eta borrokatu egin beharko dituzten datorren asteburuan. 

Azpeitiko pilotariek ezin hobeto hasi dituzte Herriarteko Txapelketako final laurdenak. Izan ere, atzo neurtu zituzten Ilunpeko kirolariek Amezketakoen kontra indarrak, eta aise nagusitu ziren: 3 eta 0 irabazi zituzten joaneko neurketak. Horrenbestez, hanka eta erdi finalerdietan dute pilotari azpeitiarrek, nahiz eta itzulerako partidak jokatu eta borrokatu egin beharko dituzten datorren asteburuan.

Atzokoan Amezketako pilotalekuan zuten zita. Lehen partida Artetxek eta Sarasuak jokatu zuten, eta 22 eta 2 nagusitu ziren. Bigarrena ere, antzerakoa izan zen markagailuari dagokionez; izan ere, Ezamak eta Odriozolak 22 eta 7 hartu zituzten mendean pilotari amezketarrak. Hirugarren norgehiagokan ere, indartsu aritu ziren Egiguren eta Larrañaga: 22 eta 6, azpeitiarren alde.

Datorren ostiralean jokatuko dituzte kanporaketako itzulerako neurketak Azpeitiak eta Amezketak. Etxean ariko dira Ilunpeko pilotariak, esku-eskura duten finalerdietarako txartela eskuratzeko lanetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide