Erresistentzia Kutxaren aldeko bertso saioa egin dute Gaztetxean

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 27a, 10:15

Oholtza txikian egin zuten emanaldia, eta Unai Izagirre Attola, Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Maddi Agirre bertsolariak aritu ziren kantuan. Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxa, besteak beste, identifikazioei, isunei eta espazioen itxierei aurre egiteko tresna da.

Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxaren aldeko egitaraua izan zen atzo Azpeitiko Gaztetxean. Borroka prozesu desberdinetan sortzen diren gastuei aurre egiteko tresna da Defentsa Komunitatearen erresistentzia kutxa, besteak beste, identifikazioei, isunei eta espazioen itxierei aurre egiteko. 

17:00etan hasita, Estrategia a debate saioaren laugarren atalaren proiekzioa eskaini zuten. Ikus-entzunezkoak "polizia indarren jardun autoritarioa" du aztergai. Gauean, aldiz, bertso saioa izan zen Gaztetxean bertan. Oholtza txikian egin zuten emanaldia, eta Unai Izagirre Attola, Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Maddi Agirre bertsolariak aritu ziren kantuan. Hasiera batean Aroa Arrizubietak parte hartu behar bazuen ere, azken uneko arazoak tarteko Aitor Bizkarra igo zen oholtzara Gasteizko bertsolariaren ordez. Gaiak jartzen Jon Gurrutxaga bertsolaria aritu zen. Saioan lortutako dirua Erresistentzia Kutxara bideratuko dute Azpeitiko Gaztetxeko kideek.

(Argazkiak: Azpeitiko Gaztetxea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide