Sanjuandegiko festak 2023

Txikienak gogotik ari dira gozatzen Umeen Egunean

Julene Frantzesena 2023ko mai. 27a, 13:50

Eguraldia lagun, dozenaka umek eta begiralek jolaserako tartea izan dute goiz eta eguerdi partean. Bazkaria ere egingo dute Jose Antonio Agirre plazan, eta gero, Julen magoaren ikuskizunaz gozatu ahal izango dute.

Datorren astean hasiko dira ofizialki Sanjuandegiko festak, baina haurrak eta gaztetxoak gaur hasi dira jaietan murgiltzen. Urtero legez, Umeen Egunaz ari dira gozatzen gaur, zapatuarekin.

Eguraldia lagun, 12:00etan elkartu dira dozenaka ume eta begirale Jose Antonio Agirre plazan, eta taldeetan banatuta, horiek askotariko jolasak egiteko parada izan dute, baita aurpegia margotzekoa eta urez blai egitekoa ere.

14:00etan sabela betetzeko tartea izango dute; izan ere, Jose Antonio Agirre plazan bertan bazkalduko dute umeek. Bazkalondoan, jolaserako tartea izango dute gaztetxoek, eta 15:00etan elkartuko dira gurasoekin. Dena den, Umeen Eguneko egitarauaren barruan izango da beste ekitaldi bat ere: Julen magoak ikuskizuna eskainiko du Jose Antonio Agirre plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide