Sanjuandegiko festetarako etxeratze kolektiboak antolatu dituzte Urola Erdiko Itaiak eta XJ Auzolaneanek elkarlanean. Ostiralean, ekainaren 2an, eta ekainaren 3an, larunbatez, egingo dituzte etxeratze kolektiboak 01:00etan, 02:30ean eta 04:00etan. Lasa gozotegiaren aurrean jarri dituzte hitzorduak. Itaiako kideek azaldu dutenez, txanda bakoitzean Itaiako bi kide egongo dira etxeratzeak antolatzen.
Itaiak duela aste batzuk egindako galdetegi ireki batean jasotako erantzunen arabera antolatu dituzte etxeratze kolektiboak, galdetegia erantzun duten herritarren nahiei eta beharrei erantzunda.
Protokoloa ere prest
Sanjuandegiko txosnagunerako protokoloa ere prestatu dute Itaiako kideek. "Tamalez, badakigu jai giroan indarkeria matxista kasuek gora egiten dutela: ukituak, iruzkin lizunak, etxera bidean jarraipenak... Hori dela eta, Urola Erdiko Itaiatik, erasoen aurkako prokoloa jarriko dugu martxan", azaldu dute emakumeen antolakunde sozialistako kideek. Besteak beste, telefono zenbaki bat jarriko dute eskuragarri Sanjuandegiko festek irauten duten bitartean: 688 699 370.