Joanes Antxieta musikari urrestildarra hil zela 500 urte beteko dira aurten, eta haren lana ezagutzera emateko hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtea bukatu bitartean Azpeitiko Udalak, Eresbil musikaren euskal artxiboak, Donostiako Musika Hamabostaldiak eta musika gustuko duen herritar talde batek elkarlanean. San Joan jaietan Urrestillan jarriko dioten plakarekin ekingo diote egitarauari, eta abenduaren 18an emango diote amaiera Sine Nomine kontzertuarekin. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Antxietaren heriotzaren 500. urteurrenaren bueltan antolatu duten egitaraua, eta aurkezpenean izan ziren Nagore Alkorta alkatea, Eneritz Albizu Kultura batzordeburua, Eresbileko zuzendari Peio Leiñena, Loreto F. Imaz organista, Miren Urkizu Julian Barrenetxea abesbatzako lehendakaria eta Maria Jesus Aranburu antolaketan parte hartzen ari den herritarra.
Urtea bukatu bitartean gauzatuko dituzten ekitaldien helburua Joanes Antxieta musikari eta konpositorearen lana herriratzea dela azaldu zuten antolatzaileek; izan ere, Errenazimendu garaiko elizako musika polifonikoaren eta profanoaren autore esanguratsuenetakoa izan zen arren, herritarrek apenas baitute haren obraren berri. Adituen arabera, Iberiar penintsulan lehenengoa izan zen musika polifonikoa egiten, garai hartako musikari nabarmenetakoa izan zen, eta errege katolikoen musika arduraduna eta haien seme-alaben kapilaua izatera ere heldu zen. "Baina haren izana baino gehiago haren obrak eta ekarpenak du garrantzia guretzat, eta horri begirako ziklo bat osatu dugu, hainbat eragilerekin batera. Gure asmoa herritarren artean bere obra ezagutarazi eta herriratzea da", azaldu zuen Albizuk.
Imazek Antxieta mundu osoan ezaguna dela azpimarratu zuen, eta hori zabaltzeko beharra nabarmendu: "Duela 500 urte ez zegoen bere pareko musikaririk. Musikari onena izan da bere garaian". Leiñena bat etorri zen Imazekin, eta Antxietaren lana ezagutarazteko Eresbilek webgune bat egiteko asmoa duela ere iragarri zuen. Herriko taldeek zein izen handiko musikariek parte hartuko dute musika, eta Urkizu pozik azaldu zen beraiek ere hor izango direlako: "Pozik gaude zikloan parte hartuko dugulako. Guretzat erronka polita da hau". Aranburuk elkarlanaren garrantzia aipatu zuen: "Kulturan interesa dugun hainbat herritar eta eragile batu gara honetarako, eta hauxe osatu dugu". Bukatzeko, Albizuk Juan Antxieta musika eskolari egin zion aipamena; hain zuzen ere, aurten 40 urte betetzen dituelako eskola horrek: "Kointzidentzia polita da izena zor dion musikariaren heriotzaren 500. urteurrenean 40 urte betetzea".
Egitaraua
- Sanjoanetan, plaka jarriko dute Urrestillan Joanes Antxietaren omenez eta lore eskaintza egingo diote.
- Abuztuaren 18an: Joanes Antxietari buruzko kontzertua Donostiako Musika Hamabostaldiarekin batera. Urrestillako elizan, 20:00etan. Intonationes: David Sagastume, kontratenorra eta zuzendaria; Andres Miravete, tenorra; Oriol Mallart, baritonoa; Guglielmo Buonsanti, baxua; eta Carlos Garcia Bernal, organoa.
- Urriak 27: Joanes Antxietari buruzko hitzaldia eta mahai ingurua. 18:30ean, Basazabal jauregian. Pello Leiñena Eresebilen zuzendaria eta Ion Bagues zuzendari ohia; Iñigo Alberdi Bilboko Koral elkarteko zuzendaria; eta Ignacio Arakistain musikari eta ikertzailea.
- Azaroak 18: V. mendeurren kontzertua (1523-2023): Joanes Antxieta, Francisco de Peñalosa eta Juan de Urrede. 19:00etan, Frantziskanetako elizan. Parte hartzaileak: Vandalia ahotsak; Bilboko Koral lkarteko Euskeria Korua; Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatza; Azketa eta Parrokiko abesbatzak. Zuzendaria: Urko Sangroniz.
- Abenduak 16: Joanes Antxietaren sine nomine kontzertua. 19:30ean, Soreasu Sebastian Donearen parrokian, Antxieta ahots taldearen eskutik. Tipleak: Maider Biguri, Lucia Gomez, Isabel Lacar. Altoak: David Azurza, Larraitz Gorriño, Mario Hernandez. Tenoreak: Xabier Barriola, Iñigo Vilas, Jon Zaldua. Baxuak: Xabier Sarasola, Miguel Angel Segarra, Ander Simal. Organista: Loreto Fdez. Imaz. Zuzendaria: Oscar Rodriguez.
- Joanes Antxietaren omenezko ekitaldi instituzionala. Antxieta etxean plaka jarriko dute, kanta batzuk joko dituzte eta hitz batzuk egingo dituzte. Antxieta etxearen aurrean izango da, baina oraindik ez dituzte eguna eta ordua erabaki.