Denboraldiari behar bezalako bukaera emateko, Lagun Onak eguna ospatzen ari dira gaur klubeko jokalariak, entrenatzaileak, laguntzaileak eta gainontzeko kideak. Goiz partean, Garmendipe futbol zelaia izan da ospakizunen kokalekua, eta gaztetxoak izan dira protagonistak. Belar naturaleko zelaian lagunarteko partidak jokatu dituzte txandaka-txandaka, eta puzgarrietan jolasteko aukera ere izan dute. 11:00 aldera txupinazoa ere bota dute, eta aurtengoan Mirari Uria Realeko jokalaria izan da ardura hori izan duena.
Garmendipekoak bukatuta, Kiruri jatetxera joan dira bazkaltzera DBHtik gorako jokalariak, entrenatzaileak eta klubeko arduradunak. Bazkalostean, ohikoa duten legez, talde bakoitzeko jokalaririk eta goleatzailerik onenak sarituko dituzte.