Sanjuandegiko festak 2023

Skapaieren doinuekin hasitako gauari, zezenarekin eman diote bukaera

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 4a, 09:00

Jendetza ibili da Sanjuandegin festetako bigarren gauean. Besteak beste, Skapaie elektrotxarangak, Denso Productions eta J Martina taldeek eta Tinz DJ-ak jarri diote musika parrandari.

Ostiral gaueko ekitaldiak jendetsuak izan baziren, zer esanik ez bart gauekoak. 19:00etan, Skapaie elektrotxarangak hartu zuen Sanjuandegiko kaleak girotzeko ardura, eta asko izan ziren bere doinuetara dantzan jarri zituen herritarrak.

Kontseilu Sozialistak antolatutako parrilladan mokadutxoa egin ostean, kontzertuen txanda etorri zen. Denso Productions izan zen agertoki nagusiko oholtzara igotzen aurrena, eta haren ostean, J Martina taldea igo zen. Jendetza bertaratu zen kontzertuaz gozatzera. Gero, Tinz DJak hartu zuen lekukoa karpan, eta itxi artean jardun zuen musika jartzen. 

Behin karpa, txozna eta tabernak itxita, artean etxera joateko gogorik ez zutenetako asko festetarako jarritako zezen plazaren bueltan elkartu dira, eta batzuk itxituraren barruan ikuskizuna ematera ere ausartu dira.

Gaurkoa izango da aurtengo Sanjuandegiko festetako azken eguna, eta honakoa da egitaraua:

  • 10:30. Tromboneitor.
  • 12:00. Dantzari txikien emanaldia.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia.
  • 19:45. Boletoen zozketa.
  • 20:00. Mantangorriren agurra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide