Trinitate egunez aretoko dantzak izan dira protagonista Nuarben

Nerea Uranga 2023ko eka. 4a, 17:16

Eguerdi partean, hamaiketakoa eta Dantzaki Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoen dantza emanaldia izan dira Nuarben. Bihar iluntzera bitartean ospatuko dituzte auzo horretako festak.

Trinitate egunez hamaiketakoa eskainiz hartu dituzte auzotarrak eta Nuarbera joan direnak auzoko festa batzordeak. Segidan, Dantzaki Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoek aretoko dantzen hamabi pieza eskaini dituzte. Adin guztietako dantzariek parte hartu dute ikuskizunean, Nuarben elkartutako jende multzoaren gozamenerako.

Arratsaldean eta iluntzean festak segida izango du Nuarben. 20:00ak arte haurrentzako puzgarriak izango dira, eta 18:00etatik aurrera Porru DJa ariko da musika jartzen. Afal aurretik eta ondoren, berriz, erromeria izango da Izer eta Alabier trikitilariekin.

Bihar, Trinitate Bigarrenez, 17:30etik aurrera, haurrentzako jolasak, tailerrak eta txokolate jana izango da Nuarben. Ilunabarrean, berriz, Laja eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute auzoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide