Sanjuandegiko festak 2023

Sanjuandegiko festetan izandako eraso sexistak salatu ditu udalak

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 6a, 15:12

Aurtengo Sanjuandegiko festetako une bat. (Aitziber Arzallus)

Erasotuekin harremanetan jarri dela jakinarazi du erakundeak, eta haien eskura jarri dituela laguntzeko baliabideak. Gogorarazi du herritar ororen ardura dela indarkeria matxistari aurre egitea eta horren konplize ez izatea.  

Sanjuandegiko festak igaro berritan, herrian bolo-bolo dabiltz jai horietan gertaturiko hainbat erasoren inguruko zurrumurruak. Hedabide hau Azpeitiko Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin harremanetan jarri den arren, bietako inork ez du inolako informaziorik eman nahi izan; Azpeitiko Udalak, ordea, oharra kaleratu berri du zenbait "eraso sexista" izan direla baieztatuz eta horiek salatuz, eta babesa adierazi die erasotuak izan direnei.

Udalak ohar horretan dioenez, "ohikoa den gisan, jai giroan emakumeen aurkako indarkeria matxista egoera ezberdinak eman dira", eta horien aurrean, "gaitzespenik irmoena" adierazi du erakundeak. "Azpeitiko Udalak jazarpenaren berri izan eta informazioa baloratu eta egiaztatu ostean, erasotuei eman beharreko arreta eta laguntza eskaini die, horretarako dituen baliabideak aktibatuz. Udalak ozen adierazi nahi du herri honek ez duela inolako indarkeria matxistarik onartzen, eta azpimarratu nahi du espazio publikoa eta herriko jai guneak espazio seguru, gozagarri eta askeak izan behar dutela".

Udalak nabarmendu du "indarkeria sexistak modu eta forma anitz" dituela eta "arazo estrukturala" dela. "Horregatik, herriko esparru eta gune ezberdinetan lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte". Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du erakundeak. "Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean; eraso oro gaitzesten, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematen, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzen, eta baliabideak bideratzea".

Udalak gogorarazi du herritar ororen ardura dela indarkeria matxistari aurre egitea eta horren konplize ez izatea, eta jakinarazi du udalak hainbat baliabide dituela horrelako egoeraren bat jasan duten herritarren edo jasan duen norbait ezagutzen dutenen eskura.   

  • Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92
  • Udaltzaingoa: 092
  • Parekidetasuna: 943-15 79 28
  • Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00 
  • Azpeitiko anbulatorioa: 943-02 54 00
  • Larrialdiak: 112

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide