Euskarako titulu ofizialak eskuratu nahi dituztenentzako udako ikastaro trinkoak antolatu dituzte

Nerea Uranga 2023ko eka. 7a, 09:00

Azpeitiko Udal Euskaltegia.

Hiru ikastaro trinko eskainiko dituzte Azpeitiko Udal Euskaltegian: C1 aurrez aurrekoa eta online eta A1 mailakoa. Izena ekainaren 16a baino lehen eman behar da.

Euskarako titulu ofizialak atera nahi dituztenentzako hiru ikastaro trinko antolatu ditu udan Azpeitiko Udal Euskaltegian. Hain zuzen ere, C1 aurrez aurrekoa eta online nahiz aurrez aurre A1 mailako ikastaroak eskainiko dituzte. Ikastaro horietan izena emateko epea zabaldu dute, eta epea ekainaren 16ra artekoa da. Izena Udal Euskaltegira joanda (Perdillegi kalea, 1), 943-81 19 47 telefono zenbakira deituta edota euskaltegia@erabili.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke.

Saioen inguruko informazioa:

- C1 aurrez aurre: 115 orduko ikastaroa izango da, ekainaren 23an hasi eta uztailaren 21a arte. Egunean bost orduko saioak egingo dituzte, 08:00etatik 13:15era.

- C1 online: 75 orduko ikastaroa da, ekainaren 26tik irailaren 22ra bitartean zazpi astez. Astean behin ordubeteko tutoretza saioak izango dituzte

- A1 aurrez aurre: 120 orduko ikastaroa da, eta A1 maila osoa egiteko aukera ematen du; egunean hiru orduko saioak egingo dituzte. Ekainaren 22tik uztailaren 21ra eta irailaren 1etik 26ra izango da ikastaroa.

Euskara doan ikasteko aukera

Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara ikastaroen eskaintzaren inguruko informazioa emateaz gain, beka sistemaren inguruko xehetasunak ere azalduko dizkiete interesa duten herritarrei. Hain zuzen, udalaren beka sistemaren bidez langabetuek euskara doan ikas dezakete Azpeitian. Udalak adierazi du euskara ikasleek bestelako dirulaguntza batzuk ere jaso ditzaketela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide