Elektrokelak irabazi du Euskal Herriko II. Elektrotxaranga lehiaketa

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 7a, 11:23

Elektrokela elektrotxaranga maiatzaren 20ko emanaldian. (Aitziber Arzallus)

Maiatzaren 20an Skapaie taldearekin batera aritu zen Altsasuko Elektrokela taldeak irabazi du Euskal Herriko II. Elektrotxaranga lehiaketa. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, "lehia estua" izan da taldeen artean, eta Elektrokelak puntu bateko aldea atera dio bigarren sailkatuari. Altsasuko taldeak 6.000 euroko saria eskuratu du. 

Jakinarazi dute Euskal Herriko II. Elektrotxaranga lehiaketaren epaia: Elektrokela elektrotxarrangak irabazi du Euskal Herriko Elektrotxarangen lehiaketaren bigarren edizioa. Gaur eman du epaiaren berri Azpeitiko Udalak, eta erakundeak jakinarazi duenez, "lehia oso estu" egon da talde guztien artean. "Lehen bi taldeek oso puntuazio parekatua jaso zuten epaimahaiaren aldetik, eta oso puntu tarte txikiak erabaki du irabazlea; Elektrokelak, zehazki, puntuen %82a jaso du, eta bigarren sailkatutako taldea puntu batera gelditu da".

Horrenbestez, Altsasuko elektrotxarangak 6.000 euroko diru saria eskuratu du, eta saninazioetan berriro Azpeitiko kaleak musikaz girotzeko aukera izango ditu. 

Maiatzaren 6an hasi eta hilaren 27an amaitu zen Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketa, Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatuta. Guztira, zazpi taldek parte hartu dute aurtengo sariketan. Zumaiako Hamarrurekin estreinatu zuten lehiaketaren bigarren edizioa maiatzaren 6an; bigarren jardunaldian, Getariako Elektrotxorongo eta Elektrotxufla, iazko irabazleak, ibili ziren kalez kale beren musika eta ikuskizuna eskaintzen. Hirugarren asteburuan Altsasuko Elektrokela eta Azpeitiko Skapaie taldeen txanda izan zen, eta OstiKdak eta Distopiak itxi zuten lehiaketa hilaren 27ko emanaldiekin.

Iaz jokatu zen aurrenekoz Euskal Herriko Elektrotxaranga lehiaketa, eta Elektrotxufla izan zen nagusi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide