Argiztatutako Gauak egitasmoak hiru kontzertutan 39 musikari bilduko ditu

Nerea Uranga 2023ko eka. 7a, 11:16

Argiztatutako Gauak kontzertuen antolatzaileak eta musikariak. (Azpeitiko Udala)

Iaz egin zituzten lehen aldiz Argiztatutako Gauak kontzertuak, eta izandako arrakasta ikusita aurten berriro antolatu dute. Iaz bezalaxe, kontzertuak Soreasuko plazan egingo dituzte. Aurreneko emanaldia, ostiralean, 22:00etan izango da; pianoari eskainitakoa izango da.

Aurten bigarren urtez Argiztatutako Gauak kontzertu sorta antolatu dute Juan Antxieta musika eskolak, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez iazko edizioak izandako arrakasta ikusita, aurten berriro emanaldiak antolatzea erabaki dute. Egitasmoaren aurreneko aldian bezala, Juan Antxieta musika eskolako musikari gazteak izango dira gaueko emanaldien protagonista, eta kontzertuen tokia Soreasuko plaza izango da.

Kultura batzordearen proposamen batetik sortu zuten Argiztatutako Gauak egitasmoa, eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak azaldu duenez, bi helburu nagusi ditu: "Alde batetik, gehiegi programatzen ez diren kontzertu motak eskaintzea da herritarrei; ilunabarrean, formatu berezian eta goxoan. Eta, bestetik, musika eskolari esker maila ona izatera heltzen diren herriko musikari gazteen talentua ezagurataraztea eta plazan jotzeko aukera eskaintzea da".

Guztira, hiru kontzertu bilduko ditu aurtengo Argiztatutako Gauak-en egitarauak, 39 musikarik parte hartuz. Musika emanaldiak Soreasuko plazan izango dira; eguraldi txarra egiten duenean, Dinamoa sormen guneko beheko solairuko aretora lekualdatuko dituzte. Lehen kontzertua ostiral honetan, ekainaren 9an, izango da.

Kontzertuak:

  • Ekainak 9, ostirala, 22:00etan. Pianoari eskainitako kontzertua. Parte hartuko duten musikariak: Liher Berezibar, Yera Elorza, Sara eta Maier Badiola, Intza Ituarte, Itxaro Aldaburu, Ainhitze Txapartegi, Maialen eta Naia Olea, Intza Osinalde, Nahia Pineda eta Libe Egurza.

  • Ekainak 29, osteguna, 21:30ean. Soka kontzertua. Parte hartuko duten musikariak honakoak izango dira: Erik eta Sara Jones, Laine Juaristi, Nikole Landa, Oier Sagardogi, Nora Gorrotxategi, Joane Larrea, Maier Raña, Julen Rezabal, Hurritz Kerejeta, Maddi Unanue, Ashley Tapia, Iban Arruabarrena, Denis Arzallus eta Amaia Dorronsoro.

  • Ekainak 30, ostirala, 22:00etan. Txistu kontzertua izango da, eta honako musikariek parte hartuko dute: Garazi Aldaburu, Nahia Campos, Laida Lizaso, Enaitz Zubizarreta, Jone Odriozola, Jon Azpeitia, Saioa eta Egoi Berezibar, Eider Gurrutxaga nahiz Janitz, Alain eta Maria Sorazu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide