Hitzaren Eskolaren edizio berria eta memoria aurkeztu dituzte Dinamoan

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 7a, 17:16

Harkaitz Cano, Xabier Gantzarain eta Itziar Ugarte. (Kulturaz)

Uztailaren 7ra arte egongo da irekita izena emateko epea. Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia izango dira aurtengo irakasleak.

Duela lau urte, 2019an, ireki zituen ateak Dinamoa sormen guneak, Hitzaren Eskolaren lehen edizioarekin. Orain, laugarren edizioa eta aurreko edizioen memoria aurkeztu dituzte. Hitza bera erdigunean jartzea du helburu eskola honek, bere alderdi desberdin guztiak landuz.

Hirugarren edizioa amaitu ondoren, urtebete inguruko atseden bat hartzea erabaki zuten, memoria egiteko batetik, eta Hitzaren Eskolaren egituraren inguruan hausnartzeko, bestetik.

Horrela, gaur aurkeztu duten laugarren edizio honetan Hitzaren Eskola laburtzea erabaki dute, sei hilabetekoa jendearentzat luzeegia zelako. Edizio berria hiru hilabetekoa izango da, eta sei irakasle izan beharrean, lau izango dira orain; bakoitzak beste irakasle gonbidatu bat ekarriko du, gainera. Era horretan, irakasleen aniztasuna eta eskolaren intentsitatea bermatzea espero dute.

Xabier Gantzarain Kulturazeko kidea, Itziar Ugarte, eta Harkaitz Cano izan dira Dinamoan egin duten prentsaurrekoan. Bertan, Hitzaren Eskolaren nondik norakoak zehaztu dituzte.

Harkaitz Canok, lehen edizioko irakaslea izan zenak, proiektuaren "malgutasuna eta horizontaltasuna" azpimarratu ditu. "Saretze lan bat" egiten dela esan du idazleak, eta beretzat "esperientzia oso gustagarria" izan zela adierazi du.

Itziar Ugarte idazlea eta kazetaria izango da aurtengo edizioko irakasleetako bat. "Hitzaren langintzara eta hitzaren gozamenera heltzeko leku bat zabaltzen duela iruditzen zait", esan du Ugartek Hitzaren Eskolaz. Lehenengo aldia izango da beretzat Hitzaren Eskolan, eta nahiz eta bere burua "ikasle moduan lehenago ikusten" zuen, berehala eman zuen baiezkoa irakasle izatea eskaini ziotenean. Amets Aranguren Ibil Bedi musika taldeko kidea, Irati Gorostidi zinegilea eta Joseba Sarrionandia idazlea izango dira Hitzaren Eskolaren laugarren aldiko beste hiru irakasleak. Irakasle bakoitzak bere eskolen azken saiora gonbidatuko dituztenen berri ere eman dute aurkezpenean: Ion Celestino izango da Arangurenen gonbidatua; Arantza Santesteban, Gorostidirena; Maider Oleaga, Ugarterena; eta Peru Magdalena, Sarrionandiarena.

Izen ematea, irekita

Jada irekita dago Hitzaren Eskolaren laugarren edizioko izen ematea. Edizio berria irailaren 2an hasiko da eta azaroaren 18an amaituko da. Eskolak larunbatero izango dira, 10:00etatik 13:00etara. 18 urtetik gorako euskaldunei dago zuzenduta Hitzaren Eskola, eta hamabi-hamabost laguneko taldea izango da eskolak jasoko dituena.

Izena emateko informazio guztia Dinamoaren webgunean aurki daiteke, baita aurreko hiru edizioen memoria ere.

Harremanetarako idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera edo deitu 635 738 760 telefonora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide