Elkarretaratze jendetsuarekin salatu dituzte Sanjuandegiko jaietako eraso matxistak

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 7a, 20:39

Herritar ugarik egin dute bat Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak deitutako protestarekin, baita Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak ere; azken erakunde horrek, erasotutako emakumeetako bat azkoitiarra dela jakin ondoren.

Herritar asko elkartu da gaur 19:30ean Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Auzoko festak bukatu eta hiru egunera, joan den asteburuko jaietan gertatutako eraso matxistak salatzeko eta erasotuei babesa adierazteko elkarretaratzea deitua zuten gaurko Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak, Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! leloarekin, eta jende askok erantzun dio deialdiari.

Ia ordu erdi iraun duen elkarretaratzearen bukaeran, bertaratzeko deiarekin plazaratutako oharra irakurri dute deitzaileek, eta txalo artean hartu dute irakurketa plazan elkartutakoek.

Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak atzo adierazi zuten "mota desberdinetako indarkeria matxista kasu ugari" izan zirela joan den asteburuko jai giroaren barruan, gutxienez bi kasuri erantzuteko festetako protokoloa aktibatu zutela gaineratuta. Gaurko elkarretaratzeko deiaren aurretik, Azpeitiko Udalak plazaratu zuen gaitzespen mezua; gaur, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundia izan da Sanjuandegin gertatutako eraso matxistak "irmoki gaitzesten" dituela esanez adierazpen instituzionala plazaratu duena. Era berean, Azkoitiko Udalak ere salatu ditu Sanjuandegin jazotako erasoak, erasotutako emakumeetako bat azkoitiarra dela jakin ondoren. Gaurko elkarretaratzean parte hartu dute, besteak beste, Azpeitiko Udalaren ordezkariek eta Nerea Isasi Foru Aldundiaren Berdintasun zuzendariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide