Bihar hasiko da Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa

Andoni Elduaien 2023ko eka. 8a, 10:00

Mutilen txapelketako final nagusia Betisek eta Celtak jokatu zuten iaz. (Ihintza Elustondo)

Mutilen kimu mailako txapelketa jokatuko dute datorren asteburuan Azpeitian, eta neskena, hurrengoan. Antolatzaileen arabera, aurtengo txapelketa ez da azkena izango.

Bihar, ostirala, hasiko da kimuen mailako Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa. Aurtengoa azken edizioa izango denaren zurrumurrua zabaldu da herrian, baina esan horiek guztiz gezurtatu ditu Mikel Rodriguez txapelketaren antolatzaileak: "Ez da azkena izango, hori ziur esan dezaket. Zurrumurrua besterik ez da; guk ez dugu zehaztuta azkena izango denik. Enpresa batekin hitzarmena dugu sinatuta, eta hori bai ala bai bete behar dugu". Bi asteburutan banatuko dute txapelketa aurten ere. Datorren asteburuan, hilaren 9tik 11ra, kimu mutilen txapelketa jokatuko dute, eta ekainaren 16tik 18ra, kimu neskena.

Mutilen txapelketan Espainiako, Kataluniako, Galiziako, Andorrako eta Euskal Herriko 37 taldek parte hartuko dute. Horien artean daude azken denboraldia Espainiako Lehen Mailan egin duten futbol kluben harrobiko taldeak. Besteak beste, Bartzelonak, Real Madrilek, Atletico Madrilek, Realak, Vila-realek, Valentziak eta Celtak jokatuko dute Azpeitiko txapelketa.

Garmendipen jokatuko dituzte futbol partidak, belar naturaleko eta artifizialeko zelaietan: bihar, 17:00etatik 20:30era; eta larunbatean, 09:00etatik 20:00etara. 13:30ean, bazkaria egingo dute; hamasei talde herriko elkarte gastronomikoetan banatuko dira otordua egiteko, eta gainerako 21 taldeak Sanagustin kulturgunera joango dira. Bazkalostean, 15:30ean, talde guztien aurkezpena egingo dute Sanagustinen, eta horretarako, taldeen desfilea egingo dute. Txistulariak eta dantzariak izango dira ekitaldian, eta aurreskua dantzatuta, atzerriko taldeei "euskal ohituren berri" emango diete. 16:30ean berrekingo diete partidei Garmendipen.

Igandean, berriz, txapelketaren amaierako faseko partidak jokatuko dituzte, 09:00etan hasita. 12:10ean, kopa txapelketaren eta liga txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte; 12:45ean, kopa txapelketaren finala, eta liga txapelketaren finala, 13:15ean. Mutilen txapelketa 14:15ean egingo duten sari banaketa ekitaldiarekin itxiko dute.

Hurrengo astean, neskak

Nesken kimu mailako Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa, berriz, hurrengo astean jokatuko dute, hilaren 16tik 18ra bitartean. Espainiako, Galiziako eta Euskal Herriko 28 talde elkartuko dira Azpeitian. Besteak beste, Real Madrilek, Atletico Madrilek, Realak, Athleticek, Osasunak, Valentziak eta Rayo Vallecanok jokatuko dute.

Hilaren 16an, 18:00etan ekingo diete partidei, 20:00ak arte. Larunbatean, 09:30ean berrekingo diote lehiari, eta goizeko txanda 12:30ean amaituko dute. 13:00etan bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean, eta 15:30ean, taldeak aurkeztuko dituzte desfile batekin. Mutilei bezala, neskei ere aurreskua dantzatuko diete. 16:30ean berrekingo diete partidei, 19:30ak arte.

Igandean, hilak 18, txapelketaren amaierako fasea jokatuko dute aurreko egunetan onenak izan direnek. 09:00etan hasiko dituzte partidak; 12:15ean, kopa txapelketaren eta liga txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte; 13:00etan, kopa txapelketaren finala jokatuko dute, eta liga txapelketaren finala, 13:30ean. Kimu nesken txapelketako sari guztiak 14:15ean hasiko den ekitaldian banatuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide