Ekainaren 17an ospatuko da aurtengo Txakolin Eguna

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 9a, 10:10

Txakolin Egunaren antolatzaileak eta parte hartzaileak, aurkezpeneko argazkian. (Azpeitiko Udala)

Zortzi upategitako txakolina, herriko bi gaztagileren produktuak eta bertako oilasko pintxoak dastatzeko aukera edukiko dute herritarrek Perez Arregi plazan.

Hurrengo zapatuan, ekainaren 17an itzuliko da Azpeitira Txakolin Eguna. Perez Arregi plazan egingo dute, 12:30etik 14:30era.

Zortzi upategitako txakolina dastatzeko aukera izango da, Agerre, Aitaren, Akarregi Txiki, Ameztoi, Flysch, Gañeta, Inazio Urruzola eta Murgialdai, hain zuzen ere. Edanari laguntzeko jatekoa ere ez da faltako. Herriko bi gaztagileren gazta eta Lumagorri oilasko pintxoak ere salgai jarriko dituzte plazan.

Berastegiko eta Premietxeberriko gaztak dastatzeko aukera izango da. "Guretzat aurrez aurre herritarrak ezagutu eta gure gazta ezagutzera ematea aukera paregabea da", esan du Maria Luisa Alberdi gaztagileak.

Kopa eta bost txakolin dastatzeko aukera emango duten txartelak 5 eurotan salduko dituzte, eta pintxo bakoitzeko bi euro ordaindu beharko dira. Herriko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratuko dira pintxoak banatzeaz. 

Talde horretako Gemma Perez eta Ines Lerones boluntarioak ere gogotsu azaldu dira aurkezpenean: "Txakolin Eguna bezalako festa egunetan gure aletxoa jarriz, dirua biltzen dugu taldearen ekintzak egin ahal izateko. Guretzat diru iturri garrantzitsuak izaten dira eta ahal dugun heinean jarraituko dugu".

"Jan-edanari laguntzeko gainera, aurtengoan trikitilariak izango ditugu. Beraz, herritar zein bisitariak animatzen ditugu egun eder bat pasatzera", azpimarratu du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide