Azpeitia-Lasao tren ibilbidearen 25. urtemuga ospatuko dute igandean Burdinbidearen Euskal Museoan

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 9a, 15:13

Lurrun trena, Azpeitia eta Lasao artean. (Burdinbidearen Euskal Museoa)

Tren historikoen hiru zirkulazio prestatu dituzte etzirako, eta horrez gain, igandean treneko txangoa egiten duten bidaiariek oroitzapen txartel bat jasoko dute.

Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaoko geltokira joan-etorriak egiten dituen lurrun trenaren zerbitzuak 25 urte beteko ditu, eta igande honetan, ekainaren 11n, ospatuko dute mende laurdena museoan. 1998ko ekainaren 12an egin zuten Azpeitia-Lasao-Azpeitia ibilbidean lehen bidaia, Aurrera lurrun trenarekin.

Hain zuzen ere, tren historikoen zirkulazio bereziak prestatu dituzte 25. urtemuga ospatzeko. Hiru izango dira, guztira, eta hirurak etzi goizean:

  • 11:00etako irteeran, Alsthom 1004 diesel trakziozko tren makinak egingo du Azpeitia-Lasao-Azpeitia bidea; Euskal-Asturiar Trenbideen Konpainiarena zen Azpeitiko museoan gordetzen eta erabiltzen duten tren hori, Tarben (Okzitania) egina, 1965ean.
  • 12:00etako irteeran, berriz Zugastieta lurrun trenaren txanda izango da. 1888koa da Zugastieta, Sharp Stewartek Glasgown (Eskozia) Amorebietatik Gernikarako trenerako egina.
  • 13:00etako irteeran, azkenik, Aurrera tren makina erabiliko dute, duela 25 urte museoa eta Lasao lotu zituen lehendabizikoa. 1898an Nasmyth & Wilsonek Manchesterren (Ingalaterra) Elgoibartik Donostiarako trenerako egindako makina da Aurrera.

Igandeko ospakizun jardunaldia borobiltzeko, eguneko irteeretan parte hartzen duten bidaiari guztiek txartel berezi bana jasoko dute, 25. urtemugaren oroigarri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide