Izarraitz skate parkearen lehen urtearen ospakizunak, martxan

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 9a, 18:57

Gaur arratsaldean ekin dio Arauntza Ridersek asteburu osorako prestatu duen egitarauari. Bihar eta etzi, goizetik iluntzera izango dira ekintzak, parkeko pistan zein inguruetan.

Arauntza Riders taldekoak zein gunearen erabiltzaileak hasi dira Izarraitz skate parkearen lehen urtebetetzea ospatzen. Iazko ekainean inauguratu zuten skate parkea, eta gaurtik igandera bitartean, lehen urtearen haritik egitarau luzea eta zabala antolatu du Arauntza Ridersek parkearen bueltan.

Gaur arratsaldean hasi dituzte ekintzak. Skate parkean patinetan, patinetean zein bizikletan nahi adina ibiltzeko aukeraz gain, Iago Magok magia saioa egin du bertan; iluntzerako, berriz, Azkoitiko CheckBoyz hip hop taldearen eta Azpeitiko Hit Bound reggae taldearen kontzertuak iragarri dituzte, 21:00etatik aurrera.

Bihar eta etzi, goizetik iluntzera izango da zer egina eta zer ikusia Izarraitz skate parkean eta inguruetan. Hau da datozen bi egunetarako egitaraua:

Bihar, zapatua

  • 09:00-14:00: skate ikastaroak.
  • 10:00: grafiti eta kamisetak margotzen ikasteko tailerrak.
  • 14:30: Bazkaria, Esklaben atarian. Ondoren, Mery eta Kusto musikarien kontzertu akustikoa. 
  • 16:00etatik aurrera: Jam Session.
  • 20:00: Parrillada.
  • 21:00: Kontzertuak: Azpeitiko Leherkaitz eta Zumaiako Hoben.

Etzi, igandea

Euskal Herriko skate txapelketa, egun osoan zehar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide