Azpeitiak esku-eskura du Herriartekoaren finala

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 10a, 10:16

Ilunpek 2023ko Gipuzkoako Herriartekorako osatu duen taldea. (Ilunpe)

Finalaurrekoen joanekoa jokatu zuten Ilunpekoek atzo Andoainen eta aise irabazi zituzten hiru partidak.

Gertu, oso gertu eta esku-eskura du Azpeitiak esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren bere hamalaugarren finala. Atzo, finalaurrekoen joanekoa jokatu zutenIlunpeko pilotariek Andoainen, eta ondo baino hobeto bideratuta utzi zuten kanporaketa.

0-3 nagusitu zen Azpeitia Andoainen, eta hiru partidak aise eta alde handiarekin irabazi zituen, gainera, batik bat kadete eta jubenil mailetakoak. Kadeteetan, Artetxek eta Sarasuak 6-22 irabazi zieten Andoaingo Berozi eta Gaztañagari. Jubeniletan are erosoagoa izan zen markagailua Azpeitiaren alde: 2-22 nagusitu ziren Ezama eta Labaka Berozen eta Gaztañagaren aurka. Seniorren partidan, azkenik, 12-22 gainditu zituzten Egigurenek eta Labakak Beloki eta Usandizaga.

Horrenbestez, lanak ondo baino hobeto aurreratuta dituzte Ilunpekoek datorren asteburuan Izarraitzen jokatuko dituzten itzulerako partidetarako. Etxean borobiltzea falta zaie, beste behin finala jokatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide